Claudia Lissete. Gizarte laguntzailea

«Babes gabeziak dakarkie esplotazioa eta eskubide eza prostituzioan dihardutenei»

Bizimodua ateratzeko prostituziora jotzen dutenak eta emakumeen salerosketaren bidez prostituzioan jardutera behartutakoak desberdintzea funtsezkoa da, Claudia Lissetek ohartarazi duenez.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Prostituzioari buruzko eztabaida mahai gainean jarri zuten atzo Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeak eta ESK-k Artiumen,Prostituzioa Ezbaian jardunaldietan. Gaiari buruzko hamaika kontu jorratu zituzten, eta Claudia Lissete gizarte laguntzaileak Gasteizko prostituzioaren egoeraren berri eman zuen, Arabako Hiesaren Kontrako Batzordearen Nahikari programako datuak baliatuta. Hain zuzen ere, gaur egun programa horrek laguntza ematen die prostituzioan lan egiten duten emakumeei.

Zein da prostituzioaren egoera?

Oro har emakume atzerritarren talde bati buruz ari gara, 34 urtekoak batez beste, egoera irregularrean daudenak eta nolabaiteko zailtasunak dituztenak erroldan izena emateko. 2010ean artatu genituen emakumeen herenak inguru ez zeuden erroldan, eta horrek beren egoera arautzea zailtzen die.

Aldea handia al da gainerako euskal probintziekin erkatuta?

Egoerak bertsuak dira, eta arreta mailari dagokionez ere, ez dago alde handirik; sarean lan egiten dugu eremu askotan hiesaren kontrako batzordeekin, baita bestelako elkarteekin ere.

Zein eragin du erroldan ez egoteak?

Prostituzioan diharduten emakume atzerritar gehienak duela hiru eta hamar urte inguru bizi dira hemen. Hiru urte igarota hemen sustraitua zaudela esan dezakezu, eta egoera arautu, baina denbora horretan guztian erroldatuta egotea eskatzen dute. Horrez gain, erroldan ez egoteak osasun arreta ere zailtzen die osasun txartela jasotzeko ezintasuna dutelako, eta beste ogibide bat bilatzeko Lanbidek eskain ditzakeen ikastaroetarako sarbidea ere mozten die.

Hiesaren Kontrako Batzordeak osasun txartelak eskuratzeko izapideak errazten zituen.

Egiten genuen, baina uda ingurutik ez dugu hori egiteko aukerarik. Erroldan hiru hilabete eta egun batean egonda txartela eska dezakete, baina aurreko arazora itzultzen gara: erroldara.

Emakume atzerritarra, egoera irregularrean, laidogarritzat jotzen den lan batean... Babes gabeziaren irudia agerikoa da.

Babes gabeziak dakar prostituzioan dihardutenen esplotazioa eta eskubiderik eza. Horri aurre egiteko, zerbait egin behar da, eta jardunaldi hauen moduko ekimenak pauso bat dira ildo horretan.

Nola egin behar zaio aurre prostituzioari buruzko eztabaida horri?

Kontuan izan behar da pertsona bakoitzaren egoera ezberdina dela eta aniztasun izugarria dagoela. Ordea, ezberdindu behar da zeintzuk ari diren sexu lanean bizimodua ateratzeko eta zein diren prostituituak emakumeen salerosketaren bitartez haien borondatearen aurka. Gehienetan bi alde horiek ez dira bereizten.

Zer irudi ematen da ba?

Prostituzioan lan egiten duten ia emakume guztiak emakumeen salerosketaren barruan daudela irudikatzen dute hedabideek, eta gure elkartean, zorionez, ez dugu horrelakorik bizi izan. Erne gaude edozein kasu atzemateko eta ezarrita dagoen bidearen bitartez aurre egiteko.

Gasteizen, hala ere, sexuaren esparruan lan egiten duten emakume afrikarren kasuan horrelakorik dagoela «sumatu» izan duzuela esan duzu hitzaldian.

Oso errealitate zaila da hori. Emakumeen salerosketa egiten dutenek beldurraren bitartez kontrolatzen dituzte esplotatzen dituzten emakumeak, eta horri buruz galdetzen diezunean ez dira ezer esateko gai. Kontuz ibiltzeko lana da, eta denbora luzean egin beharrekoa. Pertsona horrek biktima dela esango balu, protokoloa martxan jarriko litzateke.

Zein da protokolo hori?

2009tik datorren egitasmo bat da, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntza Emateko Zuzendaritzak eskatuta. Emakumeen salerosketaz asko hitz egiten da, eta beharrekotzat jo zen mekanismo batzuk abiaraztea kasu horietako baten aurrean modu egokian jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.