EAE-ko hauteskundeak

Babes helegitea aurkeztu du AGk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean

AG Aukera Guztiak hautesle elkarteak babes helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, larunbatean Gorenak agindutako baliogabetzearen aurka. Ostegun eguerdi arteko epea du Konstituzionalak behin betiko erabakia hartzeko. Era berean, AGko hiru ordezkari Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariarekin batzartu dira gaur; "lintxamendua" salatzeko eskatu diote.

2005eko martxoaren 28a
18:10
Entzun
Arratsaldeko 15:00etan aurkeztu AGk babes helegitea Konstituzionalean. Larunbatean, Espainiako Auzitegi Goreneko 61. Salak hautesle elkarte horren zerrendak baliogabetzea, eta, ondorioz, apirilaren 17ko EAEko hauteskundeetan parte hartzea galaraztea erabaki zuen, aho batez. "Batasunaren eta ETAren segida" izatea leporatzen dio Gorenak AGri.

Konstituzionalera jo du orain hautesle elkarteak, eta epaitegi horrek ostegun gauerdi arteko epea du behin betiko erabakia hartzeko. Izan ere, ostiralean, apirilaren 1ean, hauteskunde kanpaina hasten da.

Ibarretxerekin bilera

Gorenaren erabakia dela eta, debeku horren aurkazer egingo duen galdetu zioten atzo AGkokideek Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariari. Halaber, babesa eskatu zioten.

Galde horri erantzuteko, AGko hiru ordezkari hartu ditu gaur goizean Ibarretxek Lehendakaritzaren egoitzan: Marije Rodriguez de Lera Bizkaiko zerrendaburua, Ana Arbulu Arabakoa eta herri ekimeneko abokatuak.

Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak euren hautagaitza baliogabetzeko erabili dituen argudioei buruzko azalpen zehatzak eman nahi izan dizkiote Ibarretxeri, argi utziz, euren ustez "gezurrean oinarrituriko estrategia" dutela oinarri. EAEko arduradun politiko nagusi gisa ber eegitekoa "lintxamendu" hori eragozte dela esan diote

Eurekin jazo denaren salaketa gogorra egin diote AGko kideek lehendakariari; eta, halaber, EAEko arduradun nagusi gisa bere egitekoa "lintxamendu" hori salatzea dela esan diote.“Uste dugu aldez aurretik erabaki politiko bat dagoela: gu ez egotea Legebiltzarrean. Gure kasuan esan dugunean eskubide guztien alde, pertsona guztien alde gaudela, beraien erantzuna izan da gu atzera botatzea. Zergatik? Guk uste dugu hemen jokoan gure ideia politikoak daudela, ez morala, ez etika", adierazi du Arbulu Arabako zerrendaburuak batzarraren ostean. Auzitegi Gorenak gezurrak baino ez dituela erabili esan du Arbuluk, eta nabarmendu du ez direla Batasunekoak.

Herri ekimeneko kideen azalpenak entzun ondoren, AGk EAEko hauteskundeetan parte hartzeko "eskubide osoa" duela esan du Ibarretxek. Lehendakariak azpimarratu du hautesle elkarteak argi eta garbi utzi duela ez direla ez Batasunekoak, ez ETAkoak, eta giza eskubide guztien urraketak —ETAk egindakoak barne— arbuiatzen dituztela. Horregatik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak AGren zerrendak onartuko dituen esperantza duela agertu du Ibarretxek.

Nolanahi ere, AGko kideek plazaratutako mezuarekin bat eginez, afera horren guztiaren oinarrian erabaki politikoa dagoela adierazi du lehendakariak, eta erabaki horren xedea Eusko Legebiltzarrean abertzaleek gehiengoa izatea eragoztea dela. “Arazoa da politikoa, erabakita dago, PPkoek eta PSOEkoek hartutako erabakia da. Zertarako? Batez ere, helburu politiko bat lortzeko, Eusko Legebiltzarra abertzalea izan ez dadin. Hori da beren helburua. Zertarako? Batez ere, prozesu politikoa baldintzatzeko, eta Euskadin ez, Madrilen erabakitzeko euskal gizartearen etorkizuna eta zapuzteko negoziazio prozesua eta kontsulta demokratikoa”, esan du.

PSOEren eta PPren protestak

PSOEko eta PPko buruzagiek ez dute batere ondo hartu Ibarretxek AGko ordezkariei harrera egitea. Sozialisten arabera, Jaurlaritzako lehendakariak ezker abertzalearen inguruko botoak bildu nahi ditu jarrera horrekin, eta demokraziako arauak ez betetzea leporatu dio. PPko lehendakarigai Maria San Gilek, berriz, Ibarretxek biktimak ordez borreroak babesten dituela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.