Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren zuzendaritzak batzarra du gaur Donostian. Ez da horrelakoetan ohikoa izaten prentsaren aurreko agerraldirik, baina, gaur, egoeraren "larritasunak" eskatuta, tarte bat hartu dute adierazpen batzuk egiteko.
Izan ere, sostengua adierazi nahi izan diete kontratazioetan euskara lehenesteagatik Espainiako Estatuaren ohartarazpena jasotzen ari diren udalei. Paul Bilbao idazkari nagusiak hartu du hitza, zuzendaritzako gainerako kideen ondoan. Gaitzetsi du Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari Carlos Urkijo era "bortitzean" ari dela euskara sustatzeko hizkuntz politiken kontra, eta "in crescendo" ari dela horretan, gainera. Gero eta nabarmenago. "Euskararen gaia estatu auzia da", ohartarazi du Bilbaok.
Eta, horren aurrean, Kontseiluak erantzun bat emateko asmoa duela esan du. "Gure hizkuntza komunitateari aitortu behar zaio bere hizkuntz politika aukeratzea", azaldu du. "Euskaldunok behin eta berriro azaldu baitugu euskaraz bizitzeko nahia". Gipuzkoako Foru Aldundia eta hainbat udal euskara aintzat hartzeko asmoz sustatzen ari diren neurriak horren seinale direla esan du, eta babestu egin behar direla. Erabaki horiek hartu dituzten udalen atzean "hainbat kolore politikotako" alkateak daudela oroitarazi du, gainera, eta guztien kontra egiten ari dela estatua.
Herritarrei dei egin die: "Bidegabekeria hauen kontra erantzuteko garaia da". Aurki jakinaraziko du Kontseiluak horretarako zein bide hautatuko duen.