Miguel Laparra. NUPeko irakaslea

«Babes sistema ahula zen, eta motz gelditu da krisia luzatu denean»

gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Miguel Laparra Navarro (Bourges, Frantzia, 1962) gizarte politikako irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baina, horretaz gain, Foessa txostenaren egileetako bat ere bada, lan guztiak koordinatzeaz arduratu den hamabi adituz osaturiko batzordeko kide gisa. Dioenez, txostenean ageri den egoera kezkatzeko modukoa da, eta Hego Euskal Herriko datuak Espainiakoak baino hobeak izatea ez da triunfalista izateko arrazoia.

Zein da aurtengo txostenaren ondorio nagusia?

Guk bereziki koordinatu dugun atalaren izenburua da Gizarte arrakala handiagotzen da. Nik uste dut horrek ongi laburbiltzen duela ondorio nagusia. Bazterketa handitu da, eta bazterketan daudenen egoera larriagotu da.

Dena dela, nabarmendu duzue egoera hori ezin zaiola soilki krisiari egotzi.

Hala da, eta ikusi besterik ez dago, esaterako, krisiaren aurretik langabezia tasak gure inguruko herrialdeetakoak baino altuagoak zirela. Krisiarena baino gehiago, gizarte ereduaren arazoa da.

Hala eta guztiz ere, krisiak ondorioak izan ditu, ezta?

Batez ere, bi eragin mota izan ditu. Espainiako lan merkatuaren zati bat oso malgua da, jendea kaleratzea oso erraza delako, nahiz eta beste zati bat hain malgua ez izan, eta jarduera ekonomikoa murriztu denean, erreakzioa izan da langileak beste inon bainogehiago kanporatzea. Bigarren ondorioa izan da gizarte babesa pentsatuta zegoela osagarri bat izateko: ahula zen, eta denboran mugatua, eta, krisia luzatu denez, babes sistema motz gelditu da.

Txostenean nabarmentzen da Hego Euskal Herriko egoera, zenbait adierazleren arabera, ez dela Espainiakoa bezain txarra. Horren balorazio baikorregia egiteko arriskurik ez al dago?

Espainiako datuekin alderatuz gero, EAEko zein Nafarroako argazkia positiboa da. Baina nik beti esaten dut alderatzerakoan gure testuingurua Europa dela. Bi autonomia elkarteak oso sartuta daude Europako jarduera ekonomikoan, eta garapenean ere gertuago daude Europako Batasuneko batez bestekotik Espainiakotik baino. Beraz, Europarekin alderatu behar dugu, eta alderatze horretan argazkia ez da hain positiboa. Baina Espainiarekin alderatuta ere, ikusten dugu gurea baino errenta txikiagoa duten zenbait autonomia erkidegok gurearen antzeko integrazio maila eskuratzen dutela. Horrek esan nahi du zorrotzagoak izan beharko genukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.