POBREZIAREN AURKAKO EGUNA

"Babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina" aldarrikatu dute Bilbon

Diru sarrerak bermatzea ezinbestekotzat jo du EAEko Arartekoak, eta, Elkartzen elkartearen aburuz, "herritar sektore zabalen pobretze eta prekarizazio prozesu hau eskubide sozial eta lan eskubideen etengabeko murrizketaren ondorioa da".

Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean egin dute elkarretaratzea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2016ko urriaren 17a
08:24
Entzun

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta hainbat eragile ari dira egunari buruzko balorazioa plazaratzen. Horietako bat izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoa; nabarmendu du "diru sarrerak bermatzea baztertu ezin den eskaria" dela "desberdintasunaren eta pobreziaren aurkako borrokan".

Txirotasunari aurre egiteko, Arartekoak beharrezkotzat jo du "sektore ahulenen aurrerapen sozial eta ekonomikoa oztopatzen duten finantza eta merkataritza trukeak arautzea". Halaber, elkartasuna adierazi die txirotasun edo bazterketa egoeran bizi direnei.

Bestalde, Elkartzen elkarteak zenbait datu gogorarazi ditu: "Gaur, 17.280 pertsona gosez hilko dira munduan, eta Europako Batasunean 123 milioi pobrezia egoeran biziko dira —ia-ia populazioaren %25—". Desberdintasun egoerek badute isla Euskal Herrian ere, elkarteak azpimarratu duenez: "Biztanleriaren heren batek pobreziaren mugaren azpitik irauten du, erabiltzen dugun metodologiaren arabera —BPG per capita-ren %37,5—".

EAJk, berriz, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema finkatzearen alde egin du, "erantzukizun publikoaren sistema gisa eratua, titularitate publikoko eta pribatu kontzertatuko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduez osatua". EAJk azpimarratu du babes eta elkartasun sistema "ona" dela eta "hobetu" daitekeela: "Egingarria da kostu handia suposatzen duen arren, eta bidezkoa da iruzurrak egon litezkeela jakin arren".

Elkartzen-en aburuz, "herritar sektore zabalen pobretze eta prekarizazio prozesu hau eskubide sozial eta lan eskubideen etengabeko murrizketaren ondorioa da; sistemak bere erreprodukziorako behar dituen murrizketak". Gainera, salatu du prozesu hori "Maastrich edo Lisboa bezalako gailurretan diseinatu" zela eta lege eta dekretu bidez martxan jarri eta garatu dela. "Pobretze eta prekarizazio prozesu honetan, hiru eskubide sozialen urratzeak berebiziko garrantzia dauka: etxebizitza eskubidea, gutxieneko diru sarrera duin bat izateko eskubidea eta parte hartze sozialerako eskubidea".

Bilbon, hainbat eragile sozial eta sindikal elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, "ezartzen ari diren politika antisozialek jendartearen gehiengoaren pobretze orokortua sorrarazten" dutela salatzeko. Egoera hori aldatzeko, "babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina" aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.