Ez da inoiz egin, baina ez da ezinezkoa. Adituen aburuz, genero indarkeria jasan duten andreak babesteko, biktimei bizkartzaina jarri ordez, erasotzaileei zaintza etengabea ezartzeko aukera egingarria da, juridikoki behintzat. Ideia hori, dena den, ez da inoiz planteatu, eta, beraz, egun ez dago halakorik egiteko modurik, baina segurtasunaren «zama» erasotzaileen gain jartzeko ideia hipotesi bat baino gehiago izan liteke. Errealitate bihurtzeko, ordea, bide luzea geratzen zaio, bai teknikoki, bai sozialki.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bikotekide edo bikotekide ohien aldetik tratu txarrak jasandako 52 emakumek daramate bizkartzaina egun. Eusko Jaurlaritza 2006an hasi zen indarkeria matxistaren biktimei babes neurri hori eskaintzen, baina aurten sendotu du apustua, ETA erakundearen jarduera armatua urritzearekin batera. Abuztu amaieran jakinarazi zuen Herrizaingo Sailak 150 ertzain jarriko dituztela arriskuan dauden andreak zaintzen, bai eskolta gisa, bai kontrazaintza egiten.
Mugimendu feministak eta emakume elkarteek ez diote guztiz harrera ona egin neurriari, andreen askatasuna baldintzatzeaz gain, haien biktima izaera sakontzen duelako. «Oso zama astuna da», onartu du Juana Balmaseda abokatuak. «Genero indarkeriaren arloan, ia lan guztia emakumeen inguruan egin da: salaketak, azterketa psikologikoak, babes neurriak... Erasotzailea bigarren mailan geratu da, esku hartzeari dagokionez».
Hartara, zama hori lekualdatzeaz jardun dira emakume taldeak: tratu txarrak jasaten dituztenen bizkarretik tratu txarrok ematen dituztenenera. Zehazki, erasotzaileak kontrolatzea proposatu dute. Haien kezkak laburtu ditu Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Miren Arangurenek: «Zergatik ez da inoiz hitz egin erasotzaileari zaintzailea jartzeaz? Zergatik da beti errazagoa emakumearen askatasuna baldintzatzea? Zergatik erori behar dute instituzioek biktimaren salbatzaile rolean?».
«Egia da bizkarzaina eramatea ez dela inoren gustukoa, baina emakumeek segurtasuna behar badute, guk bizkartzaina eskainiko diegu», erantzun du Mariola Serranok, Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak. Emakume elkarteen eta feministen kezka ulertzen du, baina, dioenez, tratu txarrak jasandako andreek ontzat jo dute bizkartzaina izateko aukera: «Seguru sentitzen dira, eta neurria eskatzen digute. Ezin gara emakumeen ahotsaz ahaztu».
Emakumeen estigma
Hain justu, Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek nabarmendu du emakumeen jabekuntza sustatu behar dela babes neurrien bidez: «Babesteaz gain, andreak jabetu behar dugu, eta birgizartera daitezen erraztu. Neurrien bitartez, haien estigmatizazioa gutxitzen saiatu beharko genuke». Hartara, Serranoren ustez, emakumeen babes sistema hobetu behar da, baina haien biktimizazioa ahal den neurrian saihestuz. Eta horretara bideratu behar da gogoeta: «Eztabaida ez da bizkartzainak bai ala ez, baizik eta nola babestuko ditugun andreak. Galdetu al diegu babestuta egoteari utzi nahi dioten?».
Izan ere, Ertzaintzak zuzenean emakumeekin egiten du lan. Berez, babes neurriak martxan jartzeko, ez du agindu judizialik behar. «Arriskuan daudela uste badugu, babesten ditugu, epailearen erabakia edozein dela ere», azaldu du Serranok. Beraz, gerta daiteke epaiketaren zain dagoen kasu batean ustezko erasotzailearen aurkako urruntze agindurik ez egotea baina Ertzaintzak babes neurriren bat abian jartzea, beharrezkotzat jotzen badu. «Emakumeekin hori egin dezakegu, haiek onartzen baldin badute», zehaztu du Serranok.
Gizonekin lan egitea konplexuagoa da. Esku hartzearen oinarria bera aldatzen da: biktimarekin dagoenean, zaintzailearen helburua babesa da; erasotzaileekin dagoenean, aldiz, kontrola. «Pertsona baten eskubideak bere gogoz kontra murrizteko epailearen ebazpen bat behar da», zehaztu du Nekane San Miguelek, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko zigor arloko magistratuak. Ildo horretan, administrazioetako ordezkariek ez dute argi non dagoen muga juridikoa. «Azterketa sakona» eskatu du Serranok, «ea noraino hel daitekeen». Silvestrek erantsi du «zentzuzkoa» litzatekeela gizonen gaineko kontrola areagotzea, «baina kosta egiten zait imajinatzea hori nola gauza daitekeen».
Hain zuzen, errugabetasun presuntzioa urratzeko arriskua ikusten du Silvestrek erasotzaileei zaintza etengabea ezartzeko aukeran. Nekane San Miguelek azaldu du epaileek halakorik agintzeko ahalmenik badutela, baita behin-behineko neurri gisa ere. «Kautelazko neurrien artean zailena eta larriena behin-behineko kartzelatzea da: pertsona bati askatasuna kentzen diozu, oraindik epaitu gabe dagoela, errugabetasun presuntzioa edukita».
Hortaz, erruduna den ala ez jakin gabe, epaileek pertsona baten askatasunaren gainean erabaki badezakete, askatasun hori erabat kentzeraino, hori baino neurri arinagoak ere ezar ditzakete, San Miguelek argudiatu duenez. Ildo horretan, gogora ekarri du garai batean urruntze aginduak ez zirela ohikoak, eta zenbaitek zalantzan jartzen zituztela: «Nik 1996an agindu nion lehen aldiz aldentzea gizon bati, eta orduan ez zegoen aurreikusita halako neurririk. Baina argudiatu nuen: nik pertsona hau kartzelara bidal badezaket, zergatik ezin dut kartzelatik atera emakumearengana hurbiltzeko debekua jarrita? Askatasunaz gabetzeko gai baldin banaiz, askatasun hori murrizteko gai ere banaiz». Arau horri jarraiki, beraz, ustezko erasotzaileei zaintza jartzea posible ikusten du epaileak: «Pertsona bat kartzelara badezaket, zergatik ezingo diot zaintzaile bat jarri? Arazoa beste ildo batetik doa».
Juana Balmasedarentzat «ia pentsaezina» da horrelako behin- behineko neurririk hartzea, baina beste aukera bat zabaldu du, zigorrarekin lotuta: «Erasotzaile gehienak ez daudenez espetxean, haien gaineko kontrola areagotu beharko litzateke». Abokatuak azaldu duenez, ohiko tratu txar kasu gutxi frogatzen dira: «Gutxitan salatzen dira urte askoan zehar pairatutako tratu txarrak. Eta salatu izan direnean, emakumeek ez dute frogatzerik lortu».
Baieztapen horrek agerian uzten ditu prozesu judizialen ezaugarriak. «Ez da gauza bera sozialki edo judizialki biktima izatea», adierazi du Balmasedak. Epaitegian arau zehatzak daudela erantsi du: «Epailea ezin da biktimaren alde jarri. Akusazioak dauka frogaren zama, eta zantzu argirik eraman ezean, beste aldea aterako da garaile. Akusatuari eskubideak murriztuko bazaizkio, kausa justifikatu bat egon behar da». San Miguelek ere argi hitz egin du: «Frogarik ez badago, ez dago deliturik». Halere, bere ustez, auzien instrukzioan dago arazoaren parte handi bat: «Ohiko tratu txarrak ez dira behar bezala ikertzen, eta berehalako erantzun penalekin konformatzen gara».
Indarkeria molde hori frogatzea zaila den abagunean, «entitate txikiko delituak» epaitu ohi dira, Balmasedaren arabera. Beraz, zigor eskaerak txikiak izaten dira, eta erasotzaile asko ez dira espetxera joaten, errudun jota ere, bi urtera arteko kondena ezarri bazaie eta aurrekaririk ez badute. Halakoetan biktimarekiko urruntze agindua ezarri ohi zaie, kartzela zigorraren luzera bikoitzekoa. Aldentze hori betetzen dela egiaztatzeko zaintza etengabea jar lekioke erasotzaileari, Balmasedaren ustez: «Bai, zigorra irmoa bada, aukera egongo litzateke».
Baina halakorik gauzatzea konplexua iruditzen zaio abokatuari. «Egun ez dago horretarako formularik, eta aztertu beharko litzateke nola egin: zenbat erasotzaile dauden eta zenbati jarri zaintzailea, zein kostu edukiko lukeen, zaintza bera eraginkorra izango litzatekeen…».
Nekane San Miguelek ere onartu du halakorik ez dela «inoiz planteatu» epaileen artean, baina etorkizunera begira, ez du uste ezinezkoa litzatekeenik. Dudak, ordea, beste leku batetik heldu zaizkio epaileari, ez baitaki neurria eraginkorra izango litzatekeen, emakumearen askatasunari dagokionez. Proportzionaltasunaren printzipioaz mintzatu da: «Hartu behar den neurri murriztailearen eta neurri horren bidez lortu nahi den helburuaren artean oreka lortu behar da».
Hori dela eta, eztabaida, juridikoa bainoago, «filosofikoa» iruditzen zaio epaileari: «Kontzeptualki, poliziak erasotzaileak zaintzeko daude? Zaintza horrek ez luke eskatuko emakumea ere kontrolatuta egotea? Emakumeari bizkartzaina jartzeak berak askatasuna eta intimitatea murrizten die; baina gizonari zaintzailea jartzeak hori ekidin dezake? Emakumea askeago egingo du?».
Egiturazko aldaketen beharra
Bilgune Feministarentzat ere erasotzaileei zaintza jartzeak ez luke arazoa konponduko, «segurtasuna ez baitator kontroletik, baizik eta eskubide guztien bermetik». Miren Arangurenek gogora ekarri du indarkeria sexista egiturazko arazoa dela, eta dimentsio hori oinarri hartuta jardun behar dela: «Segurtasuna kontrol polizialarekin erlazionatzen dugu; neurri errepresiboak soilik planteatzen dira egiturazko zapalkuntzei aurre egiteko, eta horiei egiturak aldatzen egiten zaie aurre».
Emakumeak jabetzeko, autodefentsaren bidea aipatu du Arangurenek; Juana Balmasedak, berriz, beste lan ildo bat proposatu du: «Nire ustez, erasotzaileekin lan egitea funtsezkoa da». Tratamendu serioak behar direla erantsi du, «gizonak eta emakumeak berdinak garela aitortu eta barneratu behar dutelako».
Epe luzera lan egitearekin bat dator Mariola Serrano, baina epe laburrera begira lan egiten jarraitzea ere ezinbestekotzat du: «Eta epe laburrekoa da babes neurriak hobetzen jarraitzea, gizartean genero indarkeria dagoen bitartean».
Genero indarkeria. Kontrol neurriak erasotzaileei
Babesaren zama, erasotzaileei?
Tratu txarrak jasaten dituzten andreei bizkartzaina jartzearen aldeko apustua sendotu den honetan, erasotzaileei antzeko kontrol neurriren bat ezar dakiekeen galdetu dute emakume elkarteek eta feministek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu