Atzo atzemandako zortzi lagunen abokatuek "babesik eza" salatu dute gaur Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Esan dutenez, ezin izan dira euren bulegoetara sartu, Zuluetaren bulegoaren ondoan dagoenez sarrera itxita dagoelako. Horren eraginez ezin dutela atxilotuen defentsa egin ohartarazi dute, eta salatu dute beste auzi batzuetako txostenak ere ezin dituztela eskuratu. Bien bitartean, Guardia Zibila izan da haien bulegoetan, baina Goioagarenean ez sartzeko agindu du Eloy Velasko epaileak, senetaria delako.
Atzo 15:30 aldera abiatutako polizia operazioak bart goizaldera arte iraun du. Ordu horretan sartu zen Guardia Zibila Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren abokatuen Bilboko bulegoan, eta bertan izan dira Arantza Zuluetarekin 04:30era arte. Alfonso Zenon abokatua izan da Zuluetarekin miaketan. Atxilotua bulegotik ateratzean, babesa adierazi diote hainbat lagunek.
Jon Enparantza abokatuari ere babesa adierazi diote etxeko atarian ehun lagun inguruk. Bilbon atxilotu zuten, eta Hernanira (Gipuzkoa) eraman zuten gero, bertan duen bulegoaren miaketara. Goizaldean eraman dute etxera, Donostiako Antiguo auzora, han ere sartu baitziren poliziak. 03:00etan amaitu dute etxea miatzen.
Mikel Almandozen etxea miatzen ere izan da goizaldean Guardia Zibila, Burlatan (Nafarroa). Bertan izan dira 01:30era arte. Atxilotuak komunikatuta daude, eta, Naiz.info-ren arabera, Madrilera eraman dituzte haietako zazpi. Zuluetak, berriz, Bilbon jarraitzen du.
Zortzi lagun atxilotu ditu orotara Guardia Zibilak: Zulueta, Enparantza eta Almandozez gain, Aitziber Sagarminaga, Aintzane Orkolaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de Lacalle eta Asier Aranguren. ETAren eta "haren presoen" arteko zubi lana egitea egotzi diete atxilotutako lagunei, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi zuenez.