Bizkaiko eta Arabako zahar etxeetako egoiliarren senideen elkarteak, Babestuk, diputazioei eskatu die esku har dezatela egoiliarren %30 baino gehiago COVID-19az gaixotu diren adinekoen egoitzetan.
Ohar batean argudiatu dutenez, COVID-19ak erakutsi du heriotza tasa handia dagoela 70 urtetik gorakoen artean eta askotariko patologiak dituzten adinekoen artean. Prebentzio neurri oso zorrotzak eskatzen ditu, beraz, egoerak. Pandemia kontrolatzeko, elkar ahalik eta gutxien kutsatzea eta herritarren artean oro har immunitate tasa handi bat lortzea behar direlakoan daude. Eta ohartarazi dute zahar etxeetan zorrotz jokatzen ez bada kudeaketa desegoki batek gaixoaldiaren «nitxo kronifikatuak» sor ditzakeela.
Irizpide ekonomikoak ere aztertu dituzte, eta esan dute bideragarria dela erakunde publikoek egoitza pribatuetan esku hartzea.
Uste dute "posible eta beharrezkoa" dela kutsatzeko arriskua handia den zahar etxeetan esku hartzea: "Hala ez egitea arduragabekeria izango litzateke". Langileak eta egoiliarrak babestea da lehentasuna, oharrean diotenez.