Babes ofizialeko etxebizitza izateko zerrendetan sartu nahi duen pertsonak urtean gehienez 35.000 euroren diru sarrerak izan beharko ditu, bai alokairuzko etxebizitza izateko baita etxebizitza erosteko ere. Gehienezko diru sarreren muga batez beste %16 handitu du Jaurlaritzak kasu honetan, aurreko muga 31.000 eurotan baitzegoen, 2008ko dekretuaren arabera. Alokairu sozialetarako sarbidea izateko muga ere handitu du Eusko Jaurlaritzak. 2008ko dekretuan 15.100 eurotik 21.100 eurora igo zuen; azken aginduak 22.000, berriz, euroraino igo du gehienezko diru sarreren muga.
Kopuru horiek oinarrizko mugak dira, diru sarrerak dituen pertsona bakarra aintzakotzat hartuta. Elkarrekin biziko direnen kopuruaren eta diru sarreren araberako mugak egokitu egiten baitira. Hala, esate baterako, bost kide eta bi diru sarrera duen familia baten gehienezko irabazien muga 51.852 eurokoa izango litzateke.
Gaurkotze «osoa»
Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak iragan astelehenean onartutako aginduaren berri eman zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordean. Gaurkotzea «osoa» izan dela adierazi zuen, eta etxebizitza mota guztiak kontuan hartzen dituela nabarmendu zuen. Babes ofizialeko etxebizitzetara eta alokairu sozialeko etxebizitzetara sarbidea izateko mugak zehazteaz gain, finkatutako prezioa duten etxebizitzak ere kontuan hartzen ditu, besteak beste. Azken horiek erosi ahal izateko gehienezko diru sarrerak 45.500 eurotan finkatu ditu orain Etxebizitza sailburuaren aginduak, 2008ko martxoko dekretuan baino 2.500 euro gehiago, hain justu.
Diru sarreren mugen aldaketak inolako bazterketarik ez duela sortzen nabarmendu du Madrazok, eta, modu horretan, PSE-EEko legebiltzar taldeak egindako akusazioei erantzun die. «Pertsona bakar bat ere ez da baztertuta gelditu aldaketa honen bitartez, batzuek kontrakoa esan duten arren».
Prezioen «zentzuzko» igoera
Babes ofizialeko etxebizitzen metro koadroaren garestitzea ere azaldu zuen Madrazok atzo batzordean, Jesus Loza PSE-EEko legebiltzarkideak eskatuta. Iragan urtetik salneurriak %8ko igoera izan du, Madrazoren arabera, eta urteko KPIaren egokitzeaz gain, eragina izan du %3,5 eta %4 artean igo den Eraikuntza Kode Teknikoak ere. Kode horrek eraikuntza lanak garestitu dituela jakinarazi dute etxebizitzak egiten dituzten enpresek. Igoera inorekin ez duela hitzartu nabarmendu du, ordea, Etxebizitza ministroak. «Enpresa garrantzitsuenek kritika zorrotzak egin dizkigute igoera ez delako izan haiek nahi zutena».
Ildo horretan, etxebizitzen prezioen igoera «arrazoitua, zentzuzkoa eta objektiboa» izan dela uste du Javier Madrazok, eta adierazi du ez dela alokairu sozialeko etxebizitzetara helduko. Babes ofizialeko etxebizitza denak ere ez dira hein berean garestituko. 90 metro koadro ingurukoak, handienak, ez dira garestituko. Bide batez, Madrazok gogora ekarri du Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak etxebizitza txikiagoak egiteko asmoari eusten diola, eta «familia eredu berrien» premiei erantzun nahi dietela. Bide horretan, babes ofizialeko etxebizitzen alokairuaren aldeko apustua berretsi du Javier Madrazok.
Madrazoren arabera, eraikuntzaren sektorea ez dago krisian EAEn
Eraikuntzaren sektoreko krisia EAE Euskal Autonomia Erkidegora ez da heldu oraindik, Javier Madrazoren ustez. Baieztapen hori aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraikiko diren etxebizitza kopuruan oinarritu du Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak, haren esanetan aurreko urteen parekoa izango delako. Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, urte bukaeran 2007an eraikitako etxebizitzen kopurua berdintzear egongo dela nabarmendu du. «Gogoratu behar da 2007a izan zela gehien eraiki zen urtea», gaineratu du. Merkatu libreko etxebizitzari dagokionez, 2006an eraiki zen beste eraikiko dela ekarri nahi izan du gogora. «2006an inork ez zuen esan eraikuntzaren sektorea krisian zegoela».«Pertsona bakar bat ere ez da baztertu gehienezko diru sarreren aldaketa dela-eta»
Javier Madrazo
Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburua