ATXILOKETA

Badaezpadako espetxeratxea agindu du epaileak Urangarentzat

Londresko Poliziak gaur goizean atxilotu du Kemen Uranga Artola, ETAko kidea delakoan. Urangak gaur arratsaldean izan du euroaginduaren berri, Londresko Auzitegian. Espainiara estraditatzea errefuxatu du; epaileak abuztuaren 15a bitarteko badaezpadako espetxeratzea agindu du harentzat. Egun horretan, berriz ere Auzitegian agertu beharko du. 

2012ko abuztuaren 8a
22:54
Entzun

Kemen Uranga Artola (Ondarroa, Bizkaia, 1969) atxilotu dute gaur goizean Londresen, ETAko kidea delakoan. Bizkaia taldearekin kolaboratu izana egozten diote. 2000. urtetik dago ihes eginda Uranga, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hura atzemateko euroagindua emana zuen, 2011n.

Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Espainiaratzeko agindua helarazi du Londresera. Urangak gaur arratsaldean izan du euroaginduaren berri, Londresko Auzitegian. Espainiara estraditatzea errefuxatu du; epaileak abuztuaren 15a bitarteko badaezpadako espetxeratzea agindu du harentzat. Egun horretan, berriz ere Auzitegian agertu beharko du. 

Jose Maria Lidon epailearen hilketarekin zerikusia duelakoan atzeman dute. 2001. urtean hil zuen ETAk Lidon, tiroz, Getxon (Bizkaia). Uranga Londres inguruan bizi zen, ustez, dokumentazio faltsuarekin. 

Herenegun, Frantziako Poliziak Iñaki Imaz Munduate (Donostia, 1978) atxilotu zuen Hendaian, kalean. Atxilotu zutenean emaztearekin eta haurrarekin zegoen Imaz. Espainiako Auzitegi Nazionalak emana zuen hura atzemateko euroagindua. Arratsaldean behin-behinean libre utzi zuen Paueko epaileak, auzitegian hartu ondoren. Irailaren 11ra arte atzeratu dute Imazen euroaginduaren azterketa, Auzitegi Nazionalak egindako eskaeraren dokumentazioa ez delako iritsi Pauera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.