Etorkinen seme-alabak bertako sentitzen dira, ala jatorrizko herrikoak? Immigranteen bigarren belaunaldia gehien aztertu dutenetako bat da Rosa Aparicio soziologoa (Kolonbia, 1946). Gurasoen harrera herrian jaiotakoek edo bertan lehen sozializazioa bizitakoek —zazpi urte egin aurretik heldutakoak—osatzen dute bigarren belaunaldi hori. Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian oraindik oso gazteak diren arren, 16 eta 25 urteko 50 lagun elkarrizketatu ditu Apariciok, Madrilgo Ortega y Gasset Institutuko ikerketa baterako, eta atzo Bilbon aurkeztu zituen ondorioak, nazioarteko migrazioei buruzko kongresuan. Azaldu zuenez, identitateak aldakorrak dira: «Prozesu psikosozial guztiek bilakaera bat dakarte».
Nork dauka bigarren belaunaldien identitatea aztertzeko beharrizana, etorkinek ala harrera herrialdeek?
Harrera herrietan uste dute etorkinen seme-alabak, bigarren edo hirugarren belaunaldia izan arren, sorterriarekin identifikatzen badira, ez direla ondo gizarteratuta egongo, eta, aldiz, harrera herriarekin identifikatzen badira, bai. Sineste hori eraikuntza bat da, harrera herriaren ikuspegitik egina. Ezin ditugu nortasunak finkotzat ulertu, hemengo edo hango sentitu behar balute bezala, eta sentipen bat ontzat hartu, eta bestea txartzat.
Ematen du etorkinen seme-alabak bi kulturen artean eskegita daudela, ez batean eta ez bestean...
Diskurtso hori ere eraikuntza sozial bat da, kultura horiek ez direlako existitzen: ez dago espainiar izateko modu bakarra, eta ez dago marokoar izateko modu bakarra. Guk dikotomia argi bat balego bezala aurkezten dugu, baina gehienetan, halako zalantzarik ez dute bigarren belaunaldikoek: une batzuetan gurasoen jatorriak hartzen du indarra, beste batzuetan bertakoak, baina batetik bestera pasatzen dira, egoera batzuetan nazio identitateak ez duelako inolako garrantzirik.
Bi kulturen artean eskegita ikustea harrera herrien jokabide bati dagokio: etorkinak eta haien seme-alabak biktimatzat hartzea interesatzen zaigu, haiek mendean edukitzeko aukera ematen digulako.
Nola eraikitzen da bigarren belaunaldi horren nortasuna?
Modu askotara. Nortasun etnikoak eta nazionalak zeregin jakin bat dute, baina abagunearen araberakoa izaten da. Batzuetan, harrera herriaren aurrean bigarren belaunaldiak jarrera argi bat hartu nahi badu, nortasun etnikoa aldarrikatzen du. Baina hor badago beste kontu bat, lehen aipatutakoa: nortasun horiek existitzen direla uste dugu, baina ez da hala; dominikalitateak edo kolonbianitateak egon daitezke, baina ez Kolonbiako identitate bakarra.
Baina eraikuntza horretan zein eragin du kanpotarren seme-alabak izateak?
Identitatea besteekiko erlazioan eraikitzen da, eta garrantzi handia dauka besteek nola kokatzen zaituzten: gurasoena ez den herri batean bazaude, besteek hala identifikatzen zaituzte. Eskolan, adibidez, euren jatorria defendatzeko joera dute, eta, nire ustez, immigranteen seme-alaben eskolatzeko moduarekin lotura handia du horrek. Irudi lezake kontrakoa nahi dugula; baina auzia lantzeko modu jakin batzuen ondorioz, identitate nazionalak indartzen ari da, eta, batzuetan, estereotipo ezkorren bitartez.
Zazpi urtetik aurrera heldutakoei 1.5 belaunaldia esaten zaie. Zein ezaugarri dituzte?
Bertan jaiotzea besteengandik desberdintzeko modu bat da; azken batean, nortasuna sistema sozialean kokatzeko modu bat da, batzuen antzera eta besteekiko diferente. Hemen jaio izanak konnotazio positiboagoa du gainerako etorkinen aurrean, eta bertako identitatea aldarrikatuko dute, eta kanpoan jaiotakoek sorterrikoa. 1.5 belaunaldian agerikoagoa da.
Bikote mistoen seme-alabek prozesu desberdina bizi dute?
Bai. Esango nuke bertako nortasuna aldarrikatzen dutela, guraso biak kanpotarrak izanik hemen jaiotakoek bainoago. Izatez, gurasoek eurek egiten dute aldarrikapen hori: bertakoa den amak edo aitak dio bere umea ez dela atzerritarra, espainiar izatearen gaineko zalantza iraingarria balitz bezala. Hau da, identitate hori gurasoengandik datorkie.
Bigarren belaunaldiak hizkuntza gutxituekin duten harremana aztertu duzue jardunaldietan, katalanaren kasua hartuta. Nola antzematen dituzte hizkuntza horiek?
Nik ez dut sakon aztertu. Edonola ere, hizkuntza identitatea adierazteko modu bat da. Katalanaren kasuan, oro har, latinoamerikar jatorrikoek gaztelania nahiago izaten dute: haien berezko hizkuntza da, eta identitaterako elementu positibotzat dute, hizkuntzak Espainiarekin lotzen dituelako. Katalunian hori kentzen diete, nortasun kataluniarra indartzera bideratuta dagoelako hango hizkuntza politika. Ondorioz, katalana baztertzen dute, edo gutxiago ikasten dute.
Gauza bera gertatzen da, adibidez, txinatar jatorrikoekin?
Ez. Txinatar edo marokoar jatorrikoen artean ez dago halako bazterketarik: segur aski berdin izango zaie nortasun kataluniar edo espainiarra, eta bizi diren lekuko identitatera moldatuko dira, edo beren jatorrizkoa aldarrikatuko dute.
Nola kudeatzen dira nortasun eraikuntza horiek familia barruan?
Batzuetan gatazkak sortzen dira, baina identitate nazionalarekin bainoago, adinarekin eta nortasun osoarekin lotuta daudela esango nuke, familiatik emantzipatzeko unea denez gero. Gerta daiteke, eragin handiagoa izatea, adibidez, marokoar edo dominikar jatorrikoekin, harrera gizarteak haiei buruz dituzten pertzepzioen ondorioz. Alegia, marokoar emakumeei buruzko estereotipoa dago, eta, emantzipatzeko, irudi horretatik aldentzeko joera izango dute. Dominikarrak, bestalde, konturatzen dira hemen beltzak direla, sorterrian zuriak izaki; ezaugarri fisikoetatik aldentzea zailagoa denez, kontrakoa egiten dute: belztasuna berretsi, defentsa moduan.
Noiz arte izango dira bigarren belaunaldiko horiek etorkinen seme-alabak? Noiz utziko diote besteak izateari?
Ez dago jakiterik. Gizarteak desberdintzat hartzen dituen bitartean hala izango dira; jendeak atzerritarren senide izateagatik nabarmentzen dituen bitartean. Funtsean, bigarren belaunaldia gizarteratu nahi ez izateko modu bat da. Adibidez, eskola batzuetan esaten dute etorkinen seme-alaben porrota ez dela hain garrantzitsua, «ez direlako unibertsitaterako prestatu behar»; badirudi gurasoen bizimodua errepikatzea baino ezin dutela xede izan.
Zure ustez, etorkinen seme-alabak atzerritar sentitzen jarrai dezaten presionatuta daude?
Noski. Eskoletan bai, behintzat, askotan nahita ez den arren. Ez da politikoki zuzena hau esatea, baina uste dut multikulturalismoaren ideiaren ondorioa dela: euren kulturari eutsi behar diotela nabarmentzeak kanpotarrak direla gogoratzea dakar.
Rosa Aparicio. Soziologoa
«Badirudi etorkinen umeek gurasoen bidea errepikatzea baino ezin dutela xede izan»
Etorkinen seme-alaben nortasunaren eraikuntzaz jardun da Rosa Aparicio soziologoa. Haren hitzetan, bigarren belaunaldi deituriko horientzat, identitate nazionala ez da beti aldagairik garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu