51.183.530 euro. Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) aurtengo aurrekontua, iaz baino %13,31 gehiago. «Egokia» eta «iazko aurrerapausoa areagotzen duen aurrekontua», Patxi Baztarrika sailburuordearen iritziz. «Baditugu proiektuak, baditugu errealitateak, baditugu abian jarri berri ditugun eta sendotu behar duten ekintzak. Eskuak bete lan. Eta badugu lan horiek garatzeko aurrekontu egokia».
Erabilera bultzatzeko eta hiztun berriak lortzeko aurrekontuak izatea nahi dute. «Euskarak hiztunak behar baititu, ez salbatzaileak», Baztarrikaren esanetan.
Sailburuordearen iritziz, hizkuntzak normalizatzeko prozesuek hiru faktore behar dituzte: marko legala; politika publiko positiboak eta dagozkien baliabideak, eta gizartearen atxikimendua. Zehaztu zuenez, HPSren aurrekontuek eta egitasmoek islatzen dute Eusko Jaurlaritzaren politika publiko positiboak bultzatzeko eta «diru baliabide egokiak jartzeko konpromisoa».
Hala ere, Baztarrikak nabarmendu zuen dirua beharrezkoa izan arren ez dela dena hizkuntza kontuetan, eta gizarteak, herritar bakoitzak daukala euskararen etorkizunaren «giltza»: «Euskararen etorkizunak izan dezakeen diru laguntza handi, eraginkor, erabakigarri eta garrantzitsuena euskara erabiltzea da».
Baztarrikak eskerrak eman zizkien PSE-EEri, aurrekontua babesteagatik, eta Aralarri eta Ezker Abertzalea Eusko Legebiltzarreko taldeari, aurkeztutako zuzenketengatik. Aralarren eta Ezker Abertzalearen 13 zuzenketa onartu dira. Zuzenketa horien ondorioz, 2.712.500 euro gehiago jaso dira aurrekontuetan (%5,3).
Hauek dira HPSren aurtengo lan ildo nagusiak:
Arlo sozioekonomikoa
LanHitz 2006an abiatutako programa «sendotzea eta hedatzea» izango da helburua. Enpresei aholkularitza eta laguntza tekniko nahiz ekonomikoa emango diete, euskararen erabilera planak egiteko.
Horrez gain, HPSk «euskara kalitatearekin eta berrikuntzarekin lotuko duen ziurtagiri sistema» osatu nahi du Euskalitekin. Aurten sistema definituko dute.
LanHitz programak, lan munduak, 3,2 milioi euroko aurrekontua du, horietatik 300.000 euro ziurtagiria garatzeko.
Elebide
HPSk Elebide «hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua» garatu eta sendotu nahi du. «Hizkuntz eskubideei buruzko informazioa eta kontzientzia gizarteratzeko lanak» egingo dituzte, Baztarrikaren esanetan. Elebidek 400.000 euroko aurrekontua izango du.
HABE
Baztarrikaren esanetan, euskaltegi pribatuen sektorea normalizatzeko «berealdiko jauzia» egin zen iaz, hiru ikasturterako finantzaketa hitzartu baitzuten Eusko Jaurlaritzak eta euskaltegi pribatuek. Aurten euskaltegi publikoen sarea hobetzeko neurriak hartuko dituzte. Baztarrikak nabarmendu zuenez, euskaltegietako ikasleentzako diru laguntza bikoiztu egin da, 2006ko 625.000 euroetatik aurtengo 1.250.000 euroetara. HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen aurrekontua 40.937.500 eurokoa da.
Hedabideak
HPSk iaz iragarri zuen euskarazko hedabideen kontsumoari buruzko «gogoeta zabala» egingo duela, «euskarak hedabideetan presentzia gero eta bikainagoa izan dezan».
Hedabideen atalean bada berrikuntzarik: alde batetik, HPSk euskarazko hedabideen erabilera bultzatzeko kanpaina egingo du eta 300.000 euro aurreikusi ditu horretarako; bestetik, 500.000 euro aurreikusi ditu euskarazko lurreko telebista digitalak sustatzeko .
EBPN
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari (EBPN) «bultzada berritua ematea» da helburua, Eudel Euskal Udalen Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 95 udalek onartu dute EBPN, eta HPSk aurten 140ra iritsi nahi du.
Gogoeta eta eztabaida
«Euskararen erabileraren normalizazio sozialari buruzko gogoeta edo eztabaida zabala antolatuko dugu, orain arte egindako bideari buruz eta etorkizunean egin beharrekoari buruz hausnarketa egiteko», iragarri zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Zertarako? «Etorkizunerako lan ildoak eta lehentasunak birdefinitzeko eta adosteko, euskararen inguruko kontsensu sozial eta politikoa berrindartzeko baliagarriizateko».
Administrazioa
HPSk Administrazioa Euskalduntzeko IV. Plana prestatuko du aurten, 2008tik 2012ra arte aplikatzeko. II. Planak emaitza kaskarrak izan zituen eta Eusko Jaurlaritzak «handizaleak» ziren helburuak apaldu egin zituen III. Planean. Urte barruan Eusko Jaurlaritzako sailetan erabilera planak garatuko dira.
IKTak
IKT Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arloan euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko asmoak sortu zuen ikusmin handiena aurrekontuen aurkezpenean, baina egitasmoa ez da berria, Eusko Jaurlaritzak zenbait saio egin baititu euskarazko itzultzaile automatikoa sortzeko. «Baina ez dute aurrera egin», gogorarazi zuen Baztarrikak. HPSk IKTen arloko enpresei gara ditzaketen proiektuen proposamenak eskatu dizkie, eta horiek jasotakoan zehaztuko dituzte itzultzaile automatikoa egiteko lehiaketaren baldintzak. 300.000 euro gastatuko dituzte aurten itzultzaile automatikoan.
Bestelakoak
Euskal Herriko IV Inkesta Soziolinguistikoa egitea eta argitaratzea, euskara eta euskal kultura nazioartean hedatzea helburu izango duen Etxepare Euskal Institutua sortzeko legea onartzea eta esparru publikoko hizkuntza paisaian euskararen presentzia normalizatzeko plana egitea.
[email protected]
«Baditugu proiektuak, errealitateak eta horiek garatzeko aurrekontua»
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurtengo aurrekontua aurkeztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu