Goizane Alvarez PSE-EEren Kongresurako zerrendan laugarrena da Gipuzkoan. Zinegotzi da Irunen. Zuzenbideko lizentziaduna da. BERRIAko irakurleen galderei erantzun die.
Uste duzu hauteskunde hauetan PSEk oso emaitza txarrak ateratzen baditu (2 edo 3 diputatu) Patxi Lopezek Jaurlaritzarako bozak aurreratu beharko lituzkeela? Sugar.
Edozein dela ere emaitza, Patxi Lopezek euskaldunon lehendakari gisa erakutsi du Euskal Herria nora eraman nahi duen eta nolako proiektua duen ekonomia arloan, elkarbizitzan, hezkuntzan, osasun arloan... Ez dugu beste ezer kontuan hartu behar, baizik eta egiten ari den lana.
Konstituzioa aldatu duzue Merkel eta Sarkozyren nahiak gogobetetzeko. Euskal Herriaren nahia zein den jakiteko, erreferendum baten bidez, prest egongo zinateke Konstituzioa aldatzeko? Simon Bolibar.
Begira, Simon, agintari, politikari izatea ez da erraza. Batzuetan, hainbat erabaki hartu behar ditugu gustuko ez ditugunak baina beharrezkoak direnak gizartearen onura bermatzeko.
Euskal Herria nazioa al da? Iñere Aldekoaotlaora.
Euskal Herria nazio kulturala dela ezin uka dezakegu, nortasun, kultura, ohitura eta hizkuntza propioa dituen heinean. Hori mantendu eta defendatu behar dugu. Estatu batean aniztasunak izugarri aberasten gaitu.
Kaixo, Goizane. Uste duzu urte batzuk barru Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea izango duela? Zuk uste duzu euskal herritarrok erabakitzeko eskubidea izateko eskubidea dugula? Eskerrik asko. Andoni.
Euskal herritarrok badugu jada erabakitzeko eskubidea; hauteskundeak antolatzen dira, eta gure interesak eta beharrak bideratzeko eskubide hori erabiltzea da bermerik handiena.
Nafarroan murrizten ari dira euskararentzako diru laguntzak, eta PSN dago gobernuan. Zergatik jarrera hori XXI. mendean? Zertan lagunduko dio euskarari PSOEk irabazteak? Sorgin.
Euskara gure nortasunaren zati garrantzitsu bat da. Irunen, esaterako, euskararen aldeko politika erreferentzia da erkidegoan. Jaurlaritza ere ez da atzean geratzen, eta hezkuntzan pauso garrantzitsuak eman ditu. Lan politikekin egin den eran, horretan ere bien artean ulertzea ezinbestekoa da pausoak emateko.
Goizane Alvarez. PSEko Gipuzkoako hautagaia Espainiako Kongresurako
«Badugu erabakitzeko eskubidea; hauteskundeak antolatzen dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu