Baheketa batera deitu dituzte Saloun izan diren 17 eta 25 urte bitarteko gazte nafarrak

Joan den ekainaren 25az geroztik Saloun (Herrialde Katalanak) izan diren gazteak testak egitera deitu ditu Nafarroako Gobernuak, hara bidaiatu duten gazteen artean hainbat positibo atzeman ondotik: 26 kutsatu zenbatu dira oraingoz.

Baheketa bat Lazkaon (Gipuzkoa), artxiboko irudian. JON URBE/ FOKU
edurne begiristain
2021eko uztailaren 2a
11:57
Entzun

Nafarroako Gobernuko Osasun departamenduak COVID-19a atzemateko testak egitera deitu ditu joan den ekainaren 25az geroztik Saloun (Tarragona, Herrialde Katalanak) izan diren 17 eta 25 urte bitarteko gazte nafarrak. Izan ere, osasun agintariek hainbat positibo atzeman dituzte data horretatik aitzina Saloura bidaiatu duten dozena bat gazte talderen artean, eta lehenbailehen eten nahi dute kutsatze katea. Osasun sailak zehaztu duenez, 26 positibo detektatu dira oraino.

Gobernuak gaur bertan hasiko du baheketa bidaia hori egin duten gazteen artean, Iruñeko Forem gunean, 15:00etatik 20:00etara. Ez da beharrezkoa aurrez ordua hartzea. Tuteran ere baheketa egingo dute, Reina Sofia ospitalean.

Nafarroako osasun agintariek argitaratu berri dituzten transmisioari buruzko datuek aski argi erakusten dute kutsatuen soslaia gaztetzen ari dela, nabarmen: Osasunbideak 113 kasu positibo zenbatu zituen atzo COVID-19a detektatzeko egindako testetan, eta, adinari dagokionez, kutsatu horien %71 16 eta 29 urte bitartekoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.