BAHIKETA SOMALIAN. Negoziazioak «ondo» doazela esan diete Somalian bahituen senideei

'Playa de Bakio' ontziko patroiak ukatu egin du eskifaiako inor zaurituta dagoela

jakes goikoetxea
2008ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Piratekin negoziazioak «ondo» doazela esan zioten Bermeoko (Bizkaia) Playa de Bakio atun itsasontziko patroiaren alaba Rosa Alvarezi atzo goizean. Amadeo Alvarez patroiaren familiak harreman zuzena du egunean hainbat aldiz ontzijabearekin, Pevasa enpresarekin eta Espainiako Gobernuarekin. «Esan digute bahitzaileek dirua bakarrik nahi dutela, baina ez dutela zehaztu zenbat», esan zuen Rosa Alvarezek Radio Euskadiko Graffiti saioan. Atun itsasontzia Somaliako Gaan herrira daramate, «bahitzaileei lotutako iturri batek» Efe agentziari esan dionez. Gaan Muqdisho hiriburutik 500 kilometro dago, ipar-ekialdera, eta hara itsasoz bakarrik hel daiteke.

Piratek Bermeoko Playa de Bakio atun itsasontzia bahitu zuten herenegun, Euskal Herrian 13:00ak zirenean, Somaliako kostaldetik 250 itsas miliara, nazioarteko uretan. Eskifaia afaltzen ari zenean lau piratak ontzia hartu zuten, granada-jaurtigailuak eta metrailadoreak erabiliz. 26 lagunek osatzen dute eskifaia: horietatik bost Euskal Herrikoak dira (Arrasatekoak, Gernikakoak, Lekeitiokoak eta Pasaiakoak), zortzi Galiziakoak,zazpi Ghanakoak, lau Madagaskarkoak, bat Senegalgoa eta beste bat Seychelleetakoa. 2005eko azaroan piratek eraso egin zioten enpresa bereko Playa de Aritzatxu itsasontziari, Somaliako kostaldetik 170 itsas miliara, baina ihes egitea lortu zuen.

Atzo goizean eskifaiako kide bat zaurituta zegoela esan zuen Andrew Mwangurak, Afrika Ekialderako Itsasontzien Laguntzarako Programako zuzendariak. Amadeo Alvarez patroiak, aldiz, ukatu egin zuen inor zaurituta zegoela. «Ondo gaude», esan zion RNE Espainiako irrati publikoari atzo. «Oraingoz ez dago zauriturik, gauzak ondo daude», esan zuen marinel batek. «Ondo gaude, baina gaizki tratatzen gaituzte», gehitu zuen beste marinel batek.

Alvarezen arabera, itsasontzian zeuden bahitzaileek kostaldean zeuden buruzagiekin hitz egin behar zuten, «horren arabera jokatzeko». Amadeo Alvarezen beraren esanetan, Playa de Bakio Somaliako kostaldeko Gaan herrira zeramaten, Obbiatik gertu. Izan ere, Somaliako uretan edo inguruan ohikoak diren beste bahiketa batzuetan itsasontziak nazioarteko uretatik Somaliako uretara eraman dituzte, erreskatea bertatik kudeatzeko. «Diruanahi dugu», esan zion bahitzaileetako batek itsasontzitik Radio Euskadiri.

Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak atzo hitz egin zuen Pevasa ontzijabearekin. Enpresako ordezkariek sailburuari esan zioten piraten erasoak «kalte ugari» eragin zituela ontzian, baina ez duela arazorik mugitzeko.



BABES FALTA. EAJk 2006an eskatu zion Espainiako Gobernuari armadako fragata bat bidal zezala Indiako Ozeanora, arrantzan aritzen ziren itsasontziak babesteko. Espainiako Kongresuak ere onartu zuen fragata bidaltzearen aldeko ekimena. «Zapaterok esan zuen neurri hori neurriz kanpokoa eta garestia zela», gogoratu zuen atzo Josu Erkoreka EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak.

«Playa de Bakio-ri gertatu zaionak lehenago edo beranduago gertatu behar zuen», Saenz de Samaniegoren iritziz. Ildo beretik, Pevasa enpresako kudeatzaile Angel Angulok nabarmendu zuen Bermeoko ontziari gertatutakoa «neurri gehiago» hartzeko arrazoia dela. Salatu zuen bahiketak ohikoak direla inguruan, nazioarteko hainbat herrialdek inguruan gerrako ontziak dituzten arren.

Hala ere, Somalia inguruan arrantzan aritu diren Bermeoko zenbait arrantzalek atzo esan zuten fragata batek nekez saihestu ditzakeela piraten erasoak, babestu beharreko eremua oso handia baita. Are gehiago aintzat hartuta piratak gero eta urrunago joaten direla ontziak bahitzera: Somaliako urak gainditu eta baita 500 itsas miliara ere.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak gogoratu zuen Bizkaian eta Gipuzkoakoan 22 atun itsasontzi daudela eta 540 marinel dituztela guztira, hau da, Europako Batasuneko bigarrena dela.



FRAGATA ETA BATZORDEA. Espainiako Gobernuak atzo bidali zuen Mendez Nuñez fragata Itsaso Gorritik Somalia ingurura.Luis Cuesta Espainiako Defentsa Politikarako idazkari nagusiaren esanetan, fragataren zeregina «atzera eginaraztea bakarrik izango da». Hala ere, atzo egindako aurreikuspenen arabera, fragata bihar helduko da bahiketa gertatu den ingurura. Mendez Nuñez fragata Espainiako armadako onena da, baina Espainiako Gobernuak laguntza eskatu die bahiketa gertatu zen inguruan dauden NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko ontziei, Playa de Bakio «zehatz-mehatz non dagoen jakiten laguntzeko».

Espainiako Gobernuak kasua jarraitzeko eta beharrezko erabakiak hartzeko batzorde bat sortu du Defentsako Buruzagitzan. Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak bertan parte hartzeko aukera eskaini diote Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariari.

Horretaz gain, Espainiako Gobernua harremanetan jarri da Somaliako agintariekin, inguruan presentzia duten herrialdeekin-Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin-, Europako Batasunarekin eta Afrikako Batasunarekin.

 

esKIFaIa



Hona hemen Playa de Bakio-ko eskifaia osatzen dutenen zerrenda:



Euskal Herria

Mikel Arana (koipeztatzailea), Jaime Francisco Candamil , Gotzon Clemos (Gernika, Bizkaia, marinela), Iñaki Lopez (Lekeitio, Bizkaia, motorreko bigarrena) eta Juan Pedro Sesma (Lekeitio, koipeztatzailea).



Galizia

Ignacio Abal (kostaldeko patroia), Jesus Albar (koipeztatzailea), Amadeo Alvarez (arrantzako patroia), Jose Manuel Baz (makinetako burua), Angel Fernandez (kontramaisua), Jesus Pillado, Antonio Rodriguez (kapitaina) eta Candido Senra (marinela).



Ghana

Gameli Akogo (kontramaisuaren laguntzailea), Ashitey Amary (marinela), Eric Arthur (marinela), Nuako Joseph Adu (sukaldeko laguntzailea), Agbelli Joseph Kwame (marinela), Andoh Justice (marinela) eta Justice Kuegblenya (marinela).



Madagaskar

Noussoufa Aly (koipeztatzailea), Julien Rakotovelo (sukaldeko laguntzailea), Heriniaia Thierry Abdala (marinela) eta Rakotonandrasana Willy Adrien (marinela).



Senegal

Diouf Ansou (marinela).



Seychelleak

Nourrice Guitto Gerard (marinela).



 

Aginte eta kontrolik gabeko herrialdea da Somalia



2004. urtean NBE Nazio Batuen Erakundearen oniritziarekin trantsizio gobernu bat eratu zuten Somalian, baina nahi eta ezin jardun du ordutik, herrialdean dagoen kaosa bideratu ezinik. Puskatuta dago Somalia; Auzitegi Islamikoek gidatutako milizien eta Gobernuaren aldeko tropen arteko borrokek sarraski handiak eragin dituzte, eta, ondorioz, amaigabea dirudien zulo beltz batean sartuta daude bertako herritarrak. Datuak beldurgarriak dira; bizi-esperantza 47 urtekoa da, eta haurren laurdenak 5 urte bete aurretik hiltzen dira.

Nazioarteak onartzen ez dituen baina independentzia eskuratu duten puskatan dago zatituta Somalia: Somaliland, ipar-mendebaldean, -1991. urtean lortu zuen independentzia-; Puntland, ipar-ekialdean, -1998-, Jubaland -1998- eta Hego-Mendebaldeko Somalia-2002-. Puntland deiturikoan jarduten dute batez ere piratek. 2004an, inguru horretan, Indiako Ozeanoan izan zen tsunamilarriak ondorio latzak eragin zituen, baina nazioarteko laguntzarik apenas heldu zen bertara. Itsasontzirik, lanabesik eta etxerik gabe geratu ziren itsasotik bizi ziren milaka lagun. Horrek egoeragaiztotu zuen lehendik ere miseriak gogor jotako herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.