alakrana auzia

Bahitzaileek atzo Somaliara eraman zituzten hiru arrantzaleak berriro 'Alakrana'-n daude

Hala jakinarazi du gaur gauean Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroak. Ontzia askatzeko "behar adina neurri diplomatiko eta judizial" hartzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak, aho batez. Bahitzaileek diote inor hiltzeko asmorik ez dutela. Bihar 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Bermeon, 'Gure arrantzaleak askatu' lelopean.

2009ko azaroaren 6a
20:50
Entzun
Miguel Angel Moratinos Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak gaur 20:00etan jakinanazi du Somaliako lehen ministroak esan diola atzo Alakrana Bermeoko atunontzitik (Bizkaia) bahitzaileek Somaliara eraman zituzten hiru arrantzaleak berriz ere ontzian daudela. Hiru haien artetik bi galiziarrak dira, bat euskal herritarra.

Atzo bahitzaileek zioten Espainiak espetxeratuta dituen bi piratak libre utzi ezean, arrantzaleak hil egingo dituztela. Hala ere, Kataluniako irrati kate batek Alakrana-ko bahitzaileekin hitz egin du eta inor hiltzeko asmorik ez dutela adierazi dute. "Espainiak piratak epaitzen baditu, guk arrantzaleak epaituko ditugu, eta askatzen baditu, guk ere askatuko ditugu".

Constantino Mendez Espainiako Defentsa Estatu idazkariak, ordea, preso dauzkaten bi piraten egoera ezin dela negoziatu berretsi du gaur, horiek Espainiako Justiziaren esku daudelako. Bahitutako itsasontziko kideen senideek egoerari irtenbide emateko bide legalak badaudela nabarmendu dute.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ere "oso zail" ikusten du piratak askatzea edo, atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak proposatu bezala, Kenyan epaitzea. Horretarako, salaketa jarri duen aldeetako batek auzia beste jurisdikzio baten esku uzteko eskatu beharko luke.

Eusko Legebiltzarra neurri eske

Eusko Legebiltzarrak ontzia askatzeko "behar adina neurri diplomatiko eta judizial" har ditzala eskatu dio Espainiako Gobernuari. Talde guztien adostasunarekin erabaki du. Legebiltzarreko presidente Arantza Quirogak irakurri du akordioa eta, halaber, familiartekoei elkartasuna agertu die Legebiltzarrak.

Lopez Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du bere esku dagoen guztia egingo duela arrantzaleak askatzeko eta haien segurtasuna bermatzeko.

Senideak, larri

Alakrana-ko arrantzaleen senideek agerraldia egin dute gaur Bermeon etalarrialdi deia egin diote gizarteari. Familiartekoek piraten eskaerei kasu egiteko eskatu eta Espainian espetxean dituzten bi piratak "berehala askatzeko" galdegin dute. Agerraldiaren ondoren, familiartekoak Bermeoko, Santurtziko, Ondarroako, Sestaoko eta Mundakako alkateekin bildu dira. Bizkaiko herri horietakoak dira Alakrana ontzian dauden zazpi euskal herritarrak -36 lagunek osatzen dute tripulazioa-.

Familiek jakinarazi dutenez, bihar Bermeon elkarretaratzea egingo dute, Gure arrantzaleak askatu lelopean, "gizartean babesa eta elkartasuna jasotzeko asmoz". Elkarretaratzea 12:00etan hasiko da, Portu Zaharrean. Jaurlaritzak ordezkaritza bidaliko duela erran du Radio Euskadi-n.

Euskal ontzia aske uzteko operazio militarra abian jartzea litekeena dela adierazi du gaur Espainiako Defentsa Estatu idazkariak, eta Alakrana-ko kideen senideek aukera hori "guztiz baztertzeko" eskatu dute.

Duela 36 egun Alakrana bahitu zutenetik, informazio falta ere salatu dute senideek. Horren harira, iturri judizialek gaur jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidente Angel Juanes eskifaiako kideen senideen ordezkaritza batekin bilduko da. Heldu den asteartean izanen da bilkura hori etafamiliartekoek eskatuta eginen da. Bertan, Auzitegi Nazionalak ireki duen prozedura azalduko die Juanesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.