Hautesleek tradizio handiz eta leialki bozkatu ohi dute UDF eta UMP alderdien alde. Konstituzioaren aldeko kanpaina egina zuten bi alderdi horiek. Baina beren hautesleek ez diete leial erantzun. Baxenabarre baldin bada ere herrialde aldekoena, bozen %52 baizik ez ditu lortu baiezkoak. Bertako indar banaketaren arabera, gehiago lortu beharko zukeen. Pentsa daiteke ELB laborari sindikatua Konstituzioaren aurka agertzeak eragina ukan duela ezezkoaren emaitza onean. Europako laborantza politikari lotu kezkek laborari franko hunki ditu.Baxenabarren kontra bozkatu duten herri gehienak Amikuze eta Bastida eskualdeetan dira, Baxenabarre iparraldean. Garaziko kantonamenduko hamar udalerritan ere ezezkoa nagusitu da. Haatik, ezezkoa nagusi izan diren herriak arras gutxi dira Baigorriko eskualdean, eta bakarra dago Iholdikoan. Bi eskualde horietan dira abertzaleak indartsuen.Lapurdin emaitzak arras orekatuak dira. Baiezkoak bozen %50,95 lortu ditu. Proportzio bera da Baionakoa ere. Haatik, Lapurdiko herri gehienetan ezezkoa nagusitu da. Azpimarratzekoa da Hendaiako adibidea, ezezkoak bozen %59,55 lortu baititu. Miarritze da baiezko boz gehien lortu duen hiria. Angelu eta Donibane Lohizunen ere emaitza ona lortu du.Zuberoan arras herri gutxi dira baiezkoa nagusi ukan dutenak. Herri gehienek ezetz erran diote Konstituzioari. Ezezkoa %55,66rekin nagusitu da herrialdean. Nahiz eta hauteskundeetan eskuineko hautagaiek irabazten duten, ezkerrak indar handia du Zuberoan. Zaila da jakitea ezkerreko tradizio horren eraginez nagusitu den ezezkoa, ala Frantzia barnealdeko eskualdeetako fenomeno bera gertatu den. Barnealdeko eskualdeetan da ezezkoa nagusitu, Frantzian.
Heren bat baino gutxiagoko abstentzioa
Parte-hartze handia izan da Ipar Euskal Herrian. Abstentzioa %30,59koa izan da, beste erreferendumetan baino txikiagoa. Azkenik izan zen erreferenduma Frantziako Lehendakaritza zazpi urtetik bost urtera pasatzeari buruzkoa zen. Orduan %32 izan ziren bozkatzera joan zirenak.
Zuberoan izan da abstentzio apalena, bozemaileen %28,31 gelditu baitira etxean. Gutxien bozkatu duen herrialdea Baxenabarre da, %31,13ko abstentzioarekin. Lapurdiko abstentzioa, aldiz, %30,7koa izan da. Ageri da parte-hartze handiena izan den herrialdeetan duela emaitza hoberena lortu ezezkoak.Zuri bozkatu dutenak ere badira. Ipar Euskal Herriko emaitza %2,78koa da. Baina Baxenabarren bozka zurien eta baliogabeen proportzioa pixka bat handiagoa da, bozemaileen %3,77rekin. Kopuru hori %2,58koa da Lapurdin, eta %3,53koa Zuberoan. Haatik, Frantziako bozka sistemak zuriak ez dauka baliorik eta ez dira kontabilizatuak.
-
Ezezkoaren aldeko herriak
Oro har baiezkoa nagusitu bada ere, herri gehienetan ezezkoak irabazi du.
Zuberoa: Aloze, Altzai, Altzürükü, Arüe, Atharratze, Barkoxe, Berrogaine, Bildoze, Domintxaine, Eskiula, Etxarri, Etxebarre, Gamere, Gotaine, Hauze, Idauze-Mendi, Iruri, Jestaze, Lakarri, Larrañe, Lexantzü, Ligi-Atherei, Liginaga, Maule, Mendikota, Mitikile, Montori, Muskildi, Ozaze, Pagola, Santa Grazi, Sarrikotapea, Sohüta, Urdiñarbe
Baxenabarre: Ainhize-Monjolose, Aiziritze, Akamarre, Amorotze, Anhauze, Arnegi, Arrosa, Arrueta, Bidaxune, Bunuze, Burgue, Buztintze, Donamartiri, Eiheralarre, Erango, Ezterenzubi, Gamarte, Heleta, Ilharre, Irulegi, Izturitze, Jatsu, Labetze-Bizkai, Lukuze, Mendibe, Oragarre, Samatze, Suhuskune, Zaro
Lapurdi: Ahurti, Bardoze, Beskoitze, Biriatu, Bokale, Ezpeleta, Haltsu, Hazparne, Hendaia, Hiriburu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Lekorne, Lekuine, Luhuso, Milafranga, Mugerre, Sara, Senpere, Urketa, Urruña, Uztaritze, Ziburu, Zuraide