LURRALDE EGITURAKETA

Baiezkoren alde bozkatu dutenek jada 100.000 herritar baino gehiago ordezkatzen dituzte

Donibane Lohizunek baietz esan du, eta Etxebarrik ezetz. Datorren astean Miarritzek finkatuko du elkargo bakarrari buruzko jarrera. Lehen bozketan, ezezkoa izan zen nagusi.

2016ko apirilaren 2a
08:31
Entzun

Donibane Lohizune eta Etxebarrien txanda izan zen atzo lurralde elkargo bakarrari buruzko bozketan; baiezkoa nagusitu zen aurreneko herrian, eta ezezkoa bigarrengoan.

Hirigune elkargo bakarraren bozketak aurrera jarraitzen du herriz herri, eta gero eta gehiago dira horren alde bozkatu dutenak. Gaur Altzürükük bozkatu du alde. 252 biztanle ditu, eta bederatzi hautetsik bozkatu zuten alde, batek kontra eta beste bat abstenitu egin zen. Horrekin hamahiru dira jada bozkatu duten herriak, eta horietatik hamabik egin dute alde. Uztaritzek eta Ezpeletak egin zuten atzo. Oraingoz Irulegi da kontra bozkatu duen bakarra; hiru hautetsik bozkatu dute baietz, eta zortzik ezetz.

Hendaia, Sara, Hiriburu, Senpere, Zuraide, Baiona, Maule, Mugerre, Behorlegi, Bagadi, Uztaritze, Altzürükü eta Ezpeleta dira elkargo bakarraren alde egin duten besteak. Guztira, 103.736 biztanle biltzen dituzte aldekoek. Bi herri dira kontra agertu direnak: Irulegi eta Etxeberria; bien artean 434 herritar. Proposamena onartzeko, herri guztien erdiek —158tik 79k— bozkatu behar dute alde gutxienez, eta alde bozkatzen duten herriek biztanleria osoaren erdia —295.993 biztanletik 147.997— ordezkatu behar dute gutxienez.

Emaitzek orekatzera joko dute ziurrenik datorren astean, ostegunean Miarritzeko Herriko Etxean bozkatuko baitute. 24.993 biztanle ditu Miarritzek, eta hirugarren hiri jendetsuena da, Baiona eta Angeluren ondoren. Lehen bozketan, hogei hautetsik ezetsi zuten elkargo bakarra, eta hamabik egin zuten alde.

Apirilaren 12an, berriz, Azkarate, Baigorri eta Aiziritzeko herriko etxeek erabakiko dute, eta hilaren 13an, Arberatzekoak eta Donapaleukoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.