"Aurrekontuak luzatzea porrot handia izango litzateke gobernuaren aldetik, eta ostiraleko bileran erantzun positibo bat jasotzea espero dugu". "Baikor" mintzatu da EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako 2019ko aurrekontuen inguruan.
Jaurlaritzak, gobernuko bazkideenaz gain, beste indar politikoren baten beharra du 2019rako aurrekontu proiektua onartzeko; hau da, PPren, EH Bilduren edo Elkarrekin Podemosen aldeko botoak edo abstentzioak behar dituzte, iazko aurrekontuak luzatzea saihesteko.
Iriartek aurreratu du mezu "oso argia" helaraziko diotela ostiralean Azpiazu sailburuari: "Azken urteetan PP izan da Urkulluren gobernuaren makulua, baina babes hori galdu du gobernuak. Beraz, momentu honetan bere politika ekonomiko eta sozialak zuzentzeko aukera du". EH Bilduk jakinarazia du prest legokeela aurrekontuak ahalbidetzeko, bi abstentziorekin. "Hori bai", ohartarazi du Iriartek: "Argi uztea komeni da: prest gaude, beti ere, pentsiodunen, gazteen eta emakumeen bizitzak hobetzeko neurriak hartzen baldin badira".
Horretarako, zenbait neurri proposatu ditu koalizio subiranistak. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak azaldu du, esaterako, handitu egin nahi dutela diru sarrera baxuak dituzten pentsiodunen laguntza osagarria. "50.000 onuradunetara iristeko moduan ginateke, oraingoak hirukoiztuz". Azaldu duenez, onuradun horien diru sarrerak SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatuko lituzkete horrela: "Lehen pauso bezala ulertzen dugu proposamena".
Iriartek gaineratu duenez, "hainbat gizarte eragilerekin" izan dira harremanetan, EH Bilduren proposamena aurkezteko: "Akordiorako aukera honek ilusio handia piztu duela ikusi dugu".
Elkarrekin Podemos: "Abiapuntu zaila"
Ostiraleko bileren atarian, bestelako mezua ematen ari da Elkarrekin Podemos. Lander Martinez bozeramaileak Radio Euskadin esan du "zail" ikusten duela akordioren bat lortzea. Hamabost puntuko proposamen bat helarazi zieten Jaurlaritzako ordezkariei —Bizkaiko Ezkerraldean eta Enkarterrietan langabeziari aurreko egiteko neurriak, diru sarrerak bermatzeko errentan murrizketak saihestea...—, eta Martinezen esanetan, ostiralean ikusiko dute adostasunerako "aukerarik" ba ote dagoen.
Dena den, aitortu du "abiapuntu zaila" dutela: "Iaz eta aurreko urteetan bezala, aurrekontuak PPrekin aurrera atera nahi baditu, ezinezkoa izango da akordioa".