Iragan larunbatean, Gabon gauean, 20:00 aldera, Zilbetiko kontzejuko (Erroibar) presidenteak sinatutako bandoa jaso zuten etxean herri txiki horretako bizilagunek. Bandoan, Agustin Iribarren kontzejuko presidenteak jakinarazi zuen Magnesitas Navarra SA enpresak (Magna), hilaren 27tik urtarrilaren 5era, Antzeri eremutik 800 bat tona mineral aterako zituela. Horretarako, lehenbizi, kamioiak pasatu ahal izateko moduko bidea zabaltzeko erabakia ere ezagutarazi zuen Iribarrenek, eta helburu horrekin Antzeriko pagadiko hainbat zuhaitz mozteko baimena eman. Asteartean, hainbat herritarren protestak medio, hamasei pago bota ostean, lanak utzi behar izan zituzten langileek. Asteazkenean, ordea, lanak berrabiatu zituzten, eta atzorako 60 pago ziren botatakoak; erdi zabalik ageri zen kamioientzako bidea.
Lan horiek Magna enpresak Zilbetin aire zabalean ireki asmo duen harrobi berria eraikitzeko lehenbiziko pausoak dira. Harrobiarekin batera, Baztanerainoko tunela ere eraiki nahi du enpresak, minerala handik ateratzeko. Egitasmoak polemika piztu du aurkeztu zenetik, batez ere, Europako Batasunak izendatutako hegaztientzat bereziki babestutako eremu batean ezartzen delako harrobi berria, Alduide mendian. Balio ekologiko handiko eremua da, besteak beste, okil gibelnabar hegaztia eta haren moduko espezie babestuak bizi direlako.
Magnak, baina, ez du atzera egiteko asmorik. Urte luzez ustiatu duen Eugiko harrobia agortze bidean da, eta horren segida bermatu nahi du. Zubiriko transformazio fabrikako produkzioari eusteko lehengaia ezinbesteko zaio, eta lehengai hori, magnesita, bada Zilbetin. Gainera, harrobia esplotatu ostean, mendia aurretik zegoen moduan utziko dutela ziurtatu du enpresak. Ingurumenari kalte berezirik ez diola eginen, alegia. Alduide Mendia Koordinakundeko Roberto Huartek, ordea, ez du horretan sinesten: «Aski da Eugira joatea, hangoa konpondu ote duten ikustera. Hori ez dago konpontzerik».
Ingurumenari eginen dion kaltea da, hain zuzen ere, egitasmoaren aurkako herritarrek darabilten argudioa. Kontzejuko presidente Iribarrenek, aldiz, ez du uste hainbesterako denik: «Harrobien sektorea asko aldatu da, eta oraingo esplotazioak bat datoz ingurumenarekin». Proiektuaren aldekoa da bera, baina «txikiziorik nahi ez duen lehenengoa» dela ziurtatu du.
Herriaren etorkizuna
Zilbeti herri txikia da oso, 50 bat biztanlekoa. Ez dira askoz handiagoak ingurukoak, Zubiri salbu. «Gaur egun, Iruñea aldera joaten da hemengo jendea, eta herri hauek akabatzen ari dira», adierazi du Iribarrenek. Horregatik, berarentzat eta beste herritar askorentzat,«aukera ona» da harrobia. Egitasmoak lana ekarriko duen esperantza du kontzejuko presidenteak. Egun, abeltzaintzatik eta turismotik herritarren bat edo beste bizi direla dio, baina argi dauka, horietaz aparte, Zilbetin ez dagoela «bizitzeko modurik». Horregatik uste du harrobia eraikiz gero ibarreko jendea herrietan bizitzen geratuko litzatekeela. Orain arte Eugin izandako lanari segida ematearen aldekoa da, gainera, kontzejuko presidentea: «Eugikoa bukatzen ari da, eta honekin beste 40 urterako baldin badaukagu, badugu bermatua lanaren jarraipena».
«Eta 40 urte pasatakoan zer? Orduan, ez lanik, ez mendirik, ez deus», erantzuten du Huartek, harrobiaren kontrako koordinakundeko kideak. Haren ustez, proiektuaren aldekoentzat harrobiarena «diru erraza da; baina ez dute biharkoan pentsatzen». Eta etorkizuna garrantzitsua da koordinakundearentzat, herritarrak herrian gera daitezen nahi baitute. Finean, «batzuek eta besteok gauza bera nahi dugu, Zilbeti bizi dadila», aitortu du Huartek.Baina, haren ustez, harrobiak kanporatuko lukeen hautsaren ondorioz gazteak kanpora joanen lirateke, «Zubirin gertatu den moduan». Herria suspertzeko lan alternatibak ere badaudela uste du, eta Nafarroako Gobernuak Magna enpresan inbertitzen duena alternatiba horien alde inbertitzera deitu du.
Proiektua, baimenen zain
Kamioientzako bidea zabaldu eta zuhaitzak mozteko baimena lortu badu ere, enpresak ez du oraindik harrobia esplotatzeko baimenik. Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak SEO/Birdlife elkarte ekologistak jarririko helegiteari erantzun behar dio, egitasmoak ingurumenari kalte egiten dion ala ez erabakiz. Epai horrek baldintzatuko du proiektuaren legezkotasuna.
Kintoako mankomunitateko baimena ere falta zaio Magnari, Baztan aldean tunela ireki ahal izateko. Baztanek eta Erroibarrek ordezkari bina dituzte mankomunitatean; lehenengoek (Bildu) enpresari lurra emateko erabakiaren kontrako botoa eman dute; Erroibarkoek (independenteak) alde botatu dute, ordea. Baztango Udalak ere ezezkoa eman zion proiektuari bere garaian, udal gobernuan dauden Bildu eta Ezkerra koalizioen botoekin. Ezkerrak, baina, iritzia aldatu eta harrobiaren proiektua babestea erabaki du, baita osoko bilkura errepikatzeko eskatu ere. Baztan osatzen duten herri gehienak, gainera, tunela irekitzeko lur eremuak uztearen alde agertu dira orain arte egindako batzarretan.
Magnak, gainera, Nafarroako Gobernuaren eta inguruko udal gehienen babesa du, eta egitasmoarekin aurrera egiteko asmoa du. Huartek, aldiz, ez du etsi nahi, eta egitasmoa gelditzea «posible» dela uste du: «Arrazoi legala guk dugu».
Baimenik gabe, abian da Zilbetiko harrobia
Minerala ateratzeko baimenik ez badu ere, Zilbetin harrobia egiteko ingurua prestatzen hasi da Magna enpresa, hegaztientzat babestutako eremuan. Gabon gauean jakinarazi zieten bizilagunei lanak hasiko zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu