Goizean Gazteluko plazan izan da Iruñeko Udaleko talde bat, gaztelua agertu den tokia ikusten. Joseba Asiron alkatea, Joxe Abaurrea Etxebizitza zinegotzia, Carlos Martinez Vianako Printzea instituzioko Ondare Historikoko zuzendaria eta udal teknikariak bildu dira bertara. Oraingoz, obrak geldituta daude, eta aurkikuntza proiektu pribatuan nola txertatu aztertu beharko dute. Dena den, eraikuntza enpresa legez kanpo aritu da lanean. Lagin arkeologikoak egiteko baimenak eskatu zituen, eta, horiek oraindik jaso gabe badaude ere, udalak dio "espresuki" esan zietela ezin zela indusketarik egin. "Baimena baino harago joan dira, eta horregatik gelditu dira lanak", azaldu du Asironek.
Orain aurkitutako arrastoekin zer egin erabaki beharko dute. Asironek dioenez, kontserbatuko direla bermatuta dago: "Hemen duela 15 urte gertatutako suntsiketa arkeologikoa ez da berriz ere gertatuko, eta hori berri ona da". Beraz, ohartarazi du alkateak taberna berriaren proiektuan txertatuko direla lur azpian agertu diren dorrea eta harresia. Dirudienez, aurkitutako gaztelua da plazari izena ematen diona, Louis le Hutin erregearena. Nafarroan eraikitako lehenbiziko gaztelua litzateke, eta ez 1513. urtean Fernando II. Katolikoak eraikitzeko agindu zuena. Ez zuten uste gaztelu hori hor zegoenik, eta, beraz, orain ikertzeko lerro berri bat dute historialariek. "Iruñea hiri zaharrak bere historiarekin egin du topo, eta hori berri ona da", esan du Asironek.
Principe de Viana instituzioak aurkikuntzaren berri izan zuen urtarril erdialdean. Hala esan du Martinezek bisitaren ondoren. Udalak, baina, geroago izan du horren berri. Orduan etorri da lanak gelditzeko erabakia. Orain, ikusteko dago zer gertatuko den gazteluarekin. Asironek esan duenez, azken hitza Vianako Printzea instituzioak izanen du, baina alkateak nahiago luke arrastoak erakusketa toki publiko bat izatea.