Hiru hondartzatan eta ibai batean uren kalitatea bainatzeko egokia ez bazen ere, bainutokietako uren kalitatea hobetu egin zen iaz Euskal Herrian, Europako Batasunak (EB) egindako urteroko txostenaren arabera.
Europako Batasunak ikertu egiten ditu, urtero, herritarrak bainatu ohi diren guneak. Hala, hondartzak, ibaiak, aintzirak eta urtegiak aztertu ohi dituzte, ea bainatzeko moduko higiene baldintzak dituzten. Aurtengo txostenean, kontuan hartu dituzte iazko udan nola zeuden gune horietako urak, eta ondorioa da lau tokitan bakarrik ez zela uraren kalitatea egokia bainatzeko: Sukarrietako Toña hondartza(Bizkaia), Mutrikuko Saturraran (Gipuzkoa), Orioko Oribarzar hondartzak, eta Erroko Errobi ibaia (Nafarroa).
Euskal Herriko 80 leku bildu ditu Europako Batasunak, 62 itsasoan eta 18 ur gezatan. Iazko azterketaren aldean, hobetu egin da egoera. Izan ere, iaz sei lekutan ez zituzten baldintzak betetzen bainatzeko, lau Gipuzkoan (Mutrikuko Ondarbeltz eta Saturraran, Orioko Oribarzar eta Zumaiako Santiago); bat Bizkaian (Sukarrietako Toña); eta beste bat Lapurdin (Bidarteko Hegoaldeko Uhabia hondartza).
Aurten, lehen aldiz ur gezatako leku batek ez ditu gainditu Europako Batasunak ezarritako baldintzak: Erroko Urrobi ibaia hain zuzen ere. Nolanahi ere, Europako Batasunak berak onartu du barrualdeko gunetan zeregin handia dagoela, oraindik ere, uren kalitatea hobetzeko.
Estatuek urtero jakinarazi behar diote Europako Batasunari bainurako uren kalitatea. Kontuan hartzen dituzte baldintza kimiko, fisiko eta mikrobiologikoak.Euskal Herrian, iaz, uren kalitatea bainatzeko egokia ez zen tokietan ere ez zuten debekatu bainatzea, nahiz eta EBk kopuru zehatz batzuk ezartzen dituen derrigorrez bete beharrekoak.
Europako herrialdeetan, itsasoko bainulekuen %96tan eta ur gezetako bainulekuen %89tan gainditu zituzten ezarritako gutxieneko higiene baldintzak. Guztira 21.000 leku aztertu zituzten estatu ezberdinetako ordezkariek. Europan ere hobetu zen bainulekuen egoera, 2005a urte bereziki txarra izan zelako, Europako Batzordeko Ingurumen komisario Stavros Dimasen esanetan. Azterketa hauek 1976ko direktiba baten ondorioz egiten dira. Europako Batzordea kexu da, estatuek 7.000 leku baino gehiago kendu dituztelako aztertzeko zerrendatik 1990ko hamarkadatik. Batzordeak susmatzen du kutsadura arazo larriak estaltzeko egin dutela.
BANDERA URDINAK. Bestalde, Kontsumitzailearen eta Ingurumen Hezkuntzarako Elkarteak (ADEAC) Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi bainulekuri eskaini die bandera urdina: haietako zazpi hondartzak dira, eta bestea portua. Hain zuzen ere, Getxoko Azkorrik, Ereagak eta Arrigunagak jasoko dute; Plentziak, Eak, Zumaiko Itzurunek, Getariako Malkorbek eta Zumaiko kaiak.
Bandera urdina emateak ez du zerikusirik Europako Batasunak egiten duen uraren kalitateari buruzko azterketarekin. Kasu horretan ADEACek kontuan hartzen du, uraren kalitatea ez ezik, hondarraren egoera, zerbitzuak eta hondartzarako sarrera-irteerak zein egoeratan dauden.
Bainutokietako uren kalitatea hobetu zen iaz Euskal Herrian
Hiru hondartzatan eta ibai batean ez zituzten gainditu bainatzeko Europak ezartzen dituen baldintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu