Garraio publikoa

Baionak martxan jarri du autobus elektrikoaren bigarren linea

Tarnoze (Landak, Okzitania) eta Lapurdiko hiriburua lotzen ditu linea berriak. Irizarrek eginiko ibilgailu bat erabiltzen dute, T1 linean 2019tik egin duten bezala. Donostian, Alemaniako autobusak probatzen ari dira.

Irizarren autobus elektrikoa, Baionan. BAIONAKO UDALA
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 27a
11:22
Entzun

Baionako garraio publikoaren elektrikotzeak beste urrats bat egin du aste honetan. Atzo jarri zuten martxan tranbus deiturikoaren bigarren linea elektrikoa. Gipuzkoako Irizar enpresak eginiko autobus elektrikoa ari da dagoeneko Tarnoze (Landak, Okzitania) eta Lapurdiko hiriburua lotzen.

Hiriak 2019. urtean jarri zuen martxan lehen linea elektrikoa, T1 deiturikoa. Baiona ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du, Angelutik pasatuta. T2 bigarren linea, berriz, Iparraldetik abiatzen da, Tarnozeko Garros geltokiko aparkalekutik. 245 ibilgailurentzako lekua du, eta bisitariak Baionara autoz sar ez daitezen egin dute, aparkaleku gisa. Oraingoz Marrac kolegiorainoko bidea egingo du, hamar kilometro denera, baina espero dute 2023. urterako beste hiru kilometro luzatzea, Kanborako errepideraino. Han beste aparkaleku bat egingo dute.

Denera, 23 geraleku ditu ibilbideak. Hamabost minuan behin pasatuko da autobusa 07:00etatik 19:00etara. Tarte horretatik kanpo, 20-30 minutuan behin.

Udalak adierazi duenez, hilero 90.000 bidaiari espero dituzte, eta linea berriak hiriko auto trafikoa arintzen lagunduko duelakoan daude. Horrekin osatuko dute hiriko Txik Txak autobus sarea. Linea berriak «iraultza handia» ekarriko duela adierazi du. Tranbusak erabiltzaileak «konkistatu» dituela gaineratu du, «modernotasunarengatik eta erosotasunarengatik».

Irizarri 49 autobus elektriko eskatu dizkio Estrasburgok (Alsazia, Frantzia), eta haren ibilgailu elektrikoak badabiltza dagoeneko Amiensen, Le Havren (Frantzia) eta Aix-en-Provencen eta Marseillan (Okzitania). Konpainiak urrian iragarri zuen laster Orleansen ere (Frantzia) 29 autobus jarriko zituela. Orleansekoarekin batera, beste hogei autobus elektrikoren eskaera jaso zuen Madrilgo EMT garraio enpresa publikotik, 2019ko irailean. Eta, 2020ko otsailean, berrehun autobusen enkargua Marokotik.

Alemaniako autobusak Donostian

Baiona Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Irizar kooperatibak eginiko autobusekin lanean ari da; Donostiako  garraio publikoko Dbus konpainia, berriz, Alemaniako MAN etxearen ibilgailu elektrikoekin ari da probak egiten. Apirilaren 13an iragarri zuen Donostiako Udalak hurrengo bi asteetan MANen Lion's City E modeloko 12 metroko autobusa probatuko zuela, «benetako zerbitzuan». Probak 24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo eta 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio lineetan egingo zituztela iragarri zuten.

Udalaren datuen arabera, Donostiako Dbus konpainiak 12 metroko hiru autobus ditu, eta luzera bereko 50 gailu hibrido. Azken horiek motor elektrikoak erabiltzen dituzte maniobra motzetan (abiatzean, esaterako), baina diesel motorrak pizten dituzte luzeagoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.