Etxeberri senar-emazteak hilik atzeman dituzte beren etxean, Baionako Marracq auzuneko Les Pastorelles bizitegian. Poliziak azaldu du emaztea labankadaz hil dela, eta senarra eskopeta tiroz. Igande iluntzean atzeman zituzten senar-emazteen gorpuak, eta gaur goizean egingo diete autopsia biei, heriotzen arrazoiak zein izan diren zehazteko. Poliziaren inkestaren lehen lerroen arabera, senarrak emaztea hil zuen labanaz, eta, ondoren, bere buruari tiro egin zion eskopetarekin. 80 urte zituen gizonak, eta 77 emazteak.
Bizilagunek azaldu dutenez, eztanda gisako arrabots bat entzun zuten igandean, 19:00 aldean. Larrialdietara deitu zuten bizilagunek, eta suhiltzaileak bertaratu ziren. Berin bat hautsita sartu ziren etxera, C2 eraikineko apartamentura. Suhiltzaileen ondotik heldu zen Polizia.
Poliziaren lehen berrien arabera, bikotearen etxebizitzan ez zuten heriotzen berri eman zezakeen letrarik edo azalpenik atzeman. Baionako prokuradorearen laguntzaile Marc Marieeren hitzetan, «inkestagileek ez dute aurkitu letrarik edo azalpen idatzirik; ahaideei entzun beharko zaie, zorigaitz hau zerk eragin zezakeen jakiteko».
Gutuna azaldu da
Atzo eguerdian, baina, Gure Irratia eta France Bleu irratiek esan zuten badela Etxeberri senar-emazteek beren buruaz beste egiteko zuten asmoa agertzen duen gutun bat. Inkestaren iturriak adierazi zituzten irratiek. Azken orduko berri horien arabera, senar-emazteek, biek, sinatu zuten letra, eta beren burua hiltzeko asmoa agertu zuten bertan. Gutun horrek ez bide du beren buruaz beste egiteko arrazoien berri ematen, ordea.
Etxeberri senar-emazteak Kanbon izan berri ziren, bertako egoitza batean egonaldia eginik, eta larunbatean itzuli ziren beren etxera, Sudouest egunkariak adierazi duenez. Bizilagunen artean alai, adeitsu eta zentzudun ospea zutela azaldu du egunkariak, eta hamar urte zeramatzatela Marracq auzuneko Les Pastorelles bizitegian. Nicolas Etxeberri, senarra, Nafarroa Beherean ezaguna zela azaldu du kazeta.info webguneak, Oztibarren postari gisa lanean aritua baitzen.