Besten hasierako ekitaldia ez egitea erabaki du Baionako Udalak. Nizako aurreko asteko atentatuak alarma gorriak piztu ditu, eta segurtasuna argudio hartuta aurten ez da ohiko den giltza botatze ekitaldia izango. Bestak 19:00etan hasiko dira, baina herriko etxeko balkoiko ekitaldirik ez da izango. Amaiera ekitaldia ere aurreko urteetan baino xumeagoa izango da aurten; suziri batek itxiko ditu bestak.
Segurtasun neurri zorrotzak iragarri dituzte Baionako herriko etxeko arduradunek. Festa eremura sartzeko lau sarrera egongo dira, Poliziak zainduta, eta ezingo da kanpotik edari alkoholdunik sartu. (iaz zazpi ziren sarrerak). Horrez gain, zaintzarako 40 kamera jarriko dituzte. Besteak beste, bizkar zorroak eramatea galarazi dute, eta nortasun agiria eskura eramateko deia egin dute. Gainera, trafikoarentzat itxita izango da hiriaren erdigunea, eta miaketak egingo dizkiete zezen plazara sartu nahi duten pertsonei. Petardoak debekatu egin dituzte.
Datorren asteazkenean ziren hastekoak bestak Baionan. Udalak egitarauaren berri emateko deitu ditu hedabideak arratsaldean, eta hor eman du albistearen berri. Hasiera ekitaldia ez ezik, lehen egun horretako beste ekitaldiak ere bertan behera utzi ditu.
Segurtasun indar gehiago
Lehendik ere iragarria zuten aurten iaz baino ehun bat polizia gehiago izango direla bestetan, ia 2.000 orotara; segurtasun neurriak indarturik iraganen dira Baionako bestak aurten, «terrorismo islamiarraren mehatxuari erantzuteko». Pierre Andre Durand prefetak esan duenez, Baionako sarrerak itxiko dituzte, eta kontrolak areagotuko Baiona inguruan.