Baionako bestetan bortxatu dituztela salatu dute bi emakume gaztek

Bi erasoak besten eremuan gertatu dira; beste emakume batek ere jarri zuen salaketa, baina gibelera egin du

Iruñeko udaletxearen aurrean salatu zituzten sanferminetan izandako bortxaketak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Nora Arbelbide-Mikel Lizarralde
Baiona
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Mementoko, bi bortxaketa salatu dituzte Baionako bestetan. Biak ostiral gauean gertatuak dira, baina orduak ez dira jakinak. «Aski da» adierazteko, Bortizkeria Sexisten Aurkako Kolektibo Feministak eta Baionako Familia Planifikaziorako Elkarteak Baionako herriko etxearen aitzinean gaur 18:00etan biltzera deitu dute.

Salaketa pausatu duen batek 17 urte ditu eta besteak 20. Biak testuinguru berdintsuan gertatu dira, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak adierazi duenez. Bi neskak kanpotarrak dira, eta ez dute Baiona ongi ezagutzen. Bi neskak, mozkorturik zeudela, lagunak galduak zituzten. Bakoitzak mutil bat ezagutu zuen, eta ustez hark bortxatu. Bi neskek ez dute kolpe aztarnarik.

18 urte baino gutxiago dituenaren kasuan, hasiera batean mutilarekin «sedukzio joko batean» sartua zela jakinarazi du prokuradoreak. Mutilak urrunago joan nahi izan zuelarik, ordea, neskak bere desadostasuna adierazi zion. Baina mutilak segitu zuen. Baiona Ttipiko Bonnat museotik hurbil gertatu zen bortxaketa, , Frederic Bastiat karrikan. 20 urteko neskaren kasuan, gertakariaren gunea ezin izan zuen zehaztu, baina besten eremuan zen. Ezagutu berria zuen mutilarekin ez zen «sedukzio jokorik» izan. Bi nesken kasuan, oroitzapenak ez dituztela argiak eta inkestarako lana ez dutela erraza azaldu du prokuradoreak. Mementoko, ez dute nehor atxilotu. Memoria nahasia izatea, alkoholari lotua liteke, iduriz. Prokuradoreak ez du baztertzen denborarekin informazio gehiago bururatzea neskei. Baionako Poliziak hartua du inkesta bere gain. Elkarrizketez gain, azterketa batzuk eginak dituzte, artean, DNArena, baina oraindik ez dute emaitzarik.

Beste emakume batek ere salaketa bat pausatua zuen hasiera batean. Larunbat gauean gertatua zitzaion erasoa. Baina azkenean salaketa kentzea erabaki du. Informazio gehiago eskatu zioten, baina ez zuen eman nahi izan, prokuradoreak erranaren arabera. Baionako suprefet Laurent Nuñez, bere aldetik, besten garaian bortxatzaileak aurkitzea lehentasuna dutela azpimarratu nahi izan du: «Guretzat, besten garaiko gertakari larrienak dira bortxaketak». Borrokak saihesteko, lekuan berean dagoen poliziaren lana goraipatu badu, bortxaketen kasuan gauzak ez direla «hain argiak» damutu da, soetatik urrun gertatzen direlako. Neskak alkohol pean «ihizi errazak» bilakatzen direla dio.

Lau salaketa sanferminetan

Baionakoak ez dira festen barruan Euskal Herrian aurten gertatu diren lehen erasoak. Hain zuzen ere, sanferminetan hiru sexu eraso izan zirela salatu zuen mugimendu feministak, eta uztailaren 21ean Espainiako Poliziak 18 urteko gazte bat atxilotu zuen 13 urteko neska bat bortxatu zuelakoan. Uztailaren 12an izan zuen ustezko erasoa neskatoak, eta amak jarri zuen salaketa polizia etxean. Epaileak, baina, bi egun geroago aske utzi zuen mutila. Sanferminetan bertan hiru sexu eraso salatu zituen mugimendu feministak. Hilaren 11n, Andrea elkarteak eta Astelehen Lilak ekimenak jakinarazi zuten bi emakume bortxatu zituztela festetan. Biharamunean beste eraso baten berri eman zuten. Peñek eta Gora Iruñeak gogor salatu zituzten erasoak, eta Iruñeko Udalaren jarrera gaitzetsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.