Politika

Baionako epaileak martxoaren 26an emanen du Laborantza Ganberari buruzko ebazpena

Gauerdian bukatu da epaiketako saioa, eta Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariak hunkituta utzi du auzitegia. Jende asko zeukan zain artean. Defentsako abokatuek adierazi dute auziak oinarririk ez daukala eta artxibatzeko eskatu dute.

2009ko urtarrilaren 30a
13:36
Entzun
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) aurkako epaiketako auzi saioak eman du eman beharrekoa, gauerdian amaitu da Baionako Auzitegian, eta epaileak jakinarazi du martxoaren 26an emanen duela ebazpena.

Fiskalak, nahiz eta Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariaren kontra ez duen isunik ez kartzela zigorrik eskatu, Laborantza Ganberari izena aldatzeko epe bat uzteko eskatu dio epaileari. Izan ere, Anne Kayanakis prokuradorearen ustez, Euskal Herriko Laborantza Ganbera izena erabiltzea legez kanpokoa da. Proposamen bat ere egin dio: Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzearen aldeko elkartea.

Berhokoirigoin bera izan da auzitegian hitza hartzen azkena. 23:45 aldera utzi du aretoa, eta artean jende anitz zeukan zain atarian. Hunkituta irten du, eskerrak eman dizkie sostengua agertutako guztiei, eta atzokoa "egun historikoa" izan zela erran du. Hemendik aitzin gauzak lehen bezala ez direla izanen ere adierazi du.

Haren aurretik, defentsako abokatuak luze mintzatu dira. Corinne Lepage abokatuak -Frantziako Gobernuko Ingurumen ministro ohia- ezin izan zuen etorri, greba orokorra dela-eta bidaia trabatu zitzaiolako. Beste bi abokatuek -Jean Rene Etxegarai eta Joseph Montier- auziak juridikoki oinarririk ez duela erran zuten. "Elkartea sortzeko eskubidea eta adierazpen eta iritzi askatasun eskubideak zalantzan jarri dira". Hala, zigorrik ez ematea eta auzia artxibatzeko galdegin dute.

Laborantza Ganberari izena aldatzeak zentzurik ez duela uste dute abokatuek, "izena bera aldarrikapenaren lekuko delako, eta erakundearen euskarazko izena itzultzeak ere balore juridikorik ez du Frantziako legedian".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.