politika

Baionako fiskalak dio Jon Anzaren desagerpenaz hipotesi denak mahai gainean dituztela

Espainiako polizia indarren balizko parte-hartzeaz zantzurik ez dutela azaldu du Anne Kayanakisek. Euskal militantea apirilaren 18tik dago desagertuta.

2009ko irailaren 12a
15:17
Entzun
Jon Anza euskal milintantearen desagerpenaz hipotesi denak mahai gainean dituztela adierazi du gaur Anne Kayanakis Baionako fiskalak, Le Journal egunkariari emandako elkarrizketan. Ez du baztertu Espainiako polizia indarrek desagertzearekin zerikusirik dutela, baina ez du baieztatu, ez daukalako hori baieztatzeko "datu objektiborik".

Kasua hainbat arlotan "ohiz kanpokoa" dela azpimarratu du. Batetik, ETAk bere kideak nor diren erratea "ohiz kanpokoa" dela azpimarratu du, eta horrek galdera anitz eragiten dio. Bestetik, Anza desagertzetik eta desagertzearen berri ematera iragan zen denbora "atipikoa" dela uste du. "Desagertze kezkagarria da, eta nahiko epe luzea eta gero ukan dugu horren berri".

Anza (Donostia, 47 urte) joan den apirilaren 18tik dago desagertuta. Ahetzeko (Lapurdi) bizilagunari egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18an hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.

1982tik 2002ra artean preso egon zen Anza, ETAko kidea zela leporatuta. Azkeneko urtean buruko gaixotasun bat du, eta ikusteko arazo handiak dauzka.

Gaur zortzi Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidente eta Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak desagerpenaz argibideak emateko eskatu zion Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroari. "Ona litzateke Rubalcabak azaltzea Frantziako lur horietan Espainiako Poliziak mutil hau [Anza] atxiki edo atxilotu zuen".

Izan ere, Egibarrek esan zuenez, "zoritxarrez, herri honetan desagertuak izan dira, eta desagertarazi dituztenak ere bai". Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, kasu, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Jose Miguel Etxeberria Naparra eta Jean Louis Popo Larre euskal militanteen adibideak gogoratu ditu azkeneko asteetan (Pertur 1976an desagertu zen, Naparra 1980an eta Popo Larre 1983an).

Datorren larunbatean Anza non den galdetzeko manifestazioa egingo dute Donibane Lohizunen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.