France Bleu irratiak jakinarazi duenez, igande goizean ohartu zen Deborah Loupien-Suares Baionako komunitate juduko lehendakaria hilerrian gertatutako erasoaz. Hamar bat hilobi eta hobi harri hondatuak izan dira asteburuan. Idazkirik agertu ez bada ere, Loupien-Suaresek argi du «profanazio» bat dela, eta «larriki kondenatu behar» dela.
Ohartu orduko, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza bertaratu da, baina ez du hitzik erran nahi izan. Eric Spitz, Pirinio Atlantikoetako prefetak publikoki kondenatu zituen eginkizun horiek atzo gauean.
Iragan ostiralean, Baionako sinagogan pertsona talde bat sartu zen atea bortxaz irekiz. Auzokide batek Frantziako Polizia deitu zuen, eta, ondorioz, egoitza barnean ez zen hondaketarik gertatu. Spitzek adierazi du inkesta bat abiatu dutela.
Baionako hilerri juduak 330 urte bete zituen iaz. 4.000 hilerri daude bertan, eta Europako handienetan bigarrena da, Amsterdamgoaren (Herbehereak) ondotik.