Baionako Merkatal eta Industria Ganbera ere Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren alde azaldu da, bere batzar batean bozketa bat eginda. %86,3 azaldu dira proiektuaren alde, ganberak gaur jakinarazi duenez. "Euskal Herriko garapen ekonomikoaren aktore den heinean" hartu du Baionako Merkatal eta Industria Ganberak "jarrera" hori.
Ondorioz, gero eta eragile gehiago ari dira erakunde propioaren aldarrikapena egiten. Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak Lurralde Elkargoaren alde egin ondotik, Iparraldeko gizarte zibilak egin zuen aldarrikapena bere, Batera plataformak duela egun batzuk antolatutako jardunaldi batzuetan.
Lapurdi, Nafarroako Behere eta Zuberoako "berezitasunari erantzuteko" litzateke Lurralde Elkargoa, Baionako Merkatal eta Industria Ganberaren esanetan. "Mugaz gaindiko elkarlana eta kultura eta hizkuntza sailak" aipatu ditu, baita "garapen ekonomikoa, lurralde eta etxebizitza antolaketa" ere.
Lortzeko moduko helburua dela iruditzen zaio, "erraza", "ez baita berrikuntza juridikorik behar". Gainera, eskaera "demokratikoa" dela dio, "sufragio unibertsala baitu ardatz".
Ostegunean euskal ordezkaritza plural bat Frantziako Deszentralilzazio ministroarekin bilduko da. Euskal lurralde elkargoaren hipotesia aztertzeko eskatuko diote.