Baionako suprefeturako hesi gainera igota, gaixo dauden euskal presoak askatzeko eskatu eta Lorentxa Gimonen egoera salatu dute ezker abertzaleko bederatzi kidek. Ekintzaileak hesira kateatu dira, eta Gimon eta gainontzeko preso gaixoak etxeratzearen aldeko kartelak jarri dituzte suprefeturako hormatik zintzilik.
Hasieran Poliziak ezer egin ez badu ere, protesta hasi eta ordubete ingurura hesira kateatutako bederatzi lagunak jaitsiarazi eta pankartak kendu ditu. Ekintzaileak polizia etxera eraman dituzte.
#LorentxaGimon Baionako suprefekturan kateatu direnak askatzen ari da polizia @berria@BagoazGO@EtxeratElkarteapic.twitter.com/GaCYAXfQj3
— Iparraldeko Hitza (@IEHkohitza) February 17, 2016
Bere osasuna dela eta, Gimonek hainbatean du egina baldintzapean aske geratzeko eskaera. Iazko azaroan, Zigorren Ezartzeko Auzitegiko epailearen baiezkoa jaso zuen, baina erabaki horren aurka helegitea jarri zuen prokuradoreak; hori dela eta, preso jarraitzen du. Otsailaren 25erako dago aurreikusita Parisko Dei Auzitegiaren erabakia.
Bestalde, Bagoaz kolektiboak jakinarazi duenez, Sylviane Alaux (PS) eta Paul Molacek (Morbihan) diputatuen bisita jasoko du gaur Gimonek, Rennesko espetxean.