Baionan gizonezko bat atxilotu dute, 12 urteko haur bat bortxatzea leporatuta

Bikotekideari gizonak ustez egin tratu txarrak ikertzean izan dute poliziek adingabearen kasuaren berri

Erredakzioa
Iruñea
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Poliziak Baionako gizonezko bat atxilotu du, adingabe bat bortxatzea leporatuta. Ustez bortxatu duen 12 urteko haurra erasotzailearen bikotekidearen alaba da, eta harekin bizi zen. Bikotearen kontrako tratu txarrak zirela eta, Poliziak gizonaren kontrako ikerketa abiatu zuen. Auzoen lekukotasunak biltzen hasi zirelarik, haiek salatu zuten bortxaketa. Poliziek haurra galdekatu zuten, eta bortxaketak pairatu izana aitortu zien. Alta, Poliziak jakitera eman duenez, kaurrak ez du zehaztu noiz gertatu ziren bortxaketa horiek eta ez zien neholako xehetasunik eman. Orain sendagile batek azterketa eginen dio gazteari ebazteko sexu erasorik pairatu duen. Horrez gain, psikologo batek aztertuko du haurra.

Gizonari buruzko daturik ez du zabaldu Poliziak, soilik Baionako ostaler bat dela. Gizonak ukatu ditu egozten dizkioten salaketak. Gaztearen amak azaldu du ez zekiela deus neskak jasandakoaren inguruan. Gizonak ez du polizia aurrekaririk, eta epaileak kontrolpean atxiki du ikerketa burutu bitartean. Aginteaz baliatuz adingabeko pertsona bortxatzea leporatzen dio. Ostalierra da.

Bestalde, adimen urriko neska bati ustez sexu ukituak egiteagatik, 86 urteko gizonezko bat atxilotu dute Getxon (Bizkaia). Sexu askatasunaren aurkako delitua egotzi diote. Getxoko Udalak jakinarazi zuenez, ustezko erasoa astelehen arratsaldean izan zen, Geltoki plazan. Herritar batek gizona eta adimen urriko neska elkarrekin ikusi zituen, eta gizonaren jarrerari erreparatuta,udaltzainei abisu ematea erabaki zuen. Udaltzainak heltzean lekukoak ikusitakoaren berri eman zien. Ustez gizona neskarekin zegoen, eta sexu ukituak egin zion. Gizona atxilotu zuten, eta neska etxera eraman zuten.

Genero indarkeriako kasuak

Genero indarkeria egotzita, Nafarroan foruzainek bost gizonezko atxilotu dituzte azken egunotan. Astelehenean 36 urteko gizona atxilotu zuten Sarrigurenen (Nafarroa). Emakumearen aurka jarrera bortitza izatea eta urruntze agindua apurtzea egotzi diote. Foruzainek herritar baten deia jaso zuten. Jakinarazi zien auzolagunaren etxean bere bikotekide ohia ikusi zuela. Gizonak urruntze agindua zuen, eta apurtzen ari zen. Ez zen lehenengo aldia modu horretan jokatzen zuena.

Tuteran, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten iragan igandean, ustez bikotekidea jo zuelako. Emakumeak azaldu zuenez, eztabaida baten ondoren gizonak bortitz jokatu zuen, eta jo egin zuen. Emakumeak salaketa jarri zuen. Kolpeak jasan zituela erakusteko, medikuaren agiria erabili zuen salaketa jartzeko garaian.

Sarrigurenen, apirilaren 9an, Iruñeko gizon bat atxilotu zuten, 49 urtekoa. Ez zen lehenengo aldia genero indarkeria egotzita atxilotzen zutena. Foruzainek eta Egues haraneko udaltzainek gizon bat emakumea jotzen ari zela jakin zuten. Lekuko baten bidez jazoeraren berri izan, eta andreak gertatutakoa azaldu zien;genero indarkeria kasu bat zela egiaztatu zuten. Gizona atxilotu zuten, emakumea jotzea egotzita. Apirilaren 7an, berriz, Noainen 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten. Bikotekidearekin izandako eztabaida baten ondoren ustez bikotekidea jotzea leporatzen diote.

Emaztearen aurkako etengabeko tratu txarrak egotzita, hilaren 5ean Corellan gizonezko bat atxilotu zuten, 35 urtekoa. Foru polizien arabera, tratu txarrek ez zuten etenik izan denbora tarte batean, eta lehengo astean oso bortitz jokatu zuen andrearekin;kolpeka egin zion eraso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.