Baionan hilotz agerturiko andreak eta gizonak bikote harremana zuten

Lehenengo hipotesian sakontzen ari da Polizia: emaztea hil eta gero bere buruaz beste egin zuen gizonezkoak

2011ko abuztuaren 28a
14:32
Entzun

Ostiral iluntzeko albiste lausoak hasi dira zehatzagoak egiten. Baionako Santespiritu auzoan hilotz agertutako andre-gizonei buruzko hainbat datu jakin dira, baita emaztearen izena ere: Sophie Loudette zen, medikua. Halaber, biek bikote harremana zutela jakin da hedabideek zabaldu informazioaren bidez; orain urtebete inguru hasi ziren elkarrekin, eta, gizona Paris inguruan bizi bazen ere, sarri etortzen zen Euskal Herrira hainbat egonaldi egitera. Gainerakoan, berririk ez; lehendabiziko hipotesian sakontzen jarraitzen du Poliziak: gizonak emaztea hil eta ondoren bere buruaz beste egin zuela uste dute.

Aditzera eman dutenez, andrearen hilotzak labanaz egindako zauri bakar bat du; gizonarenean, berriz, hainbat zauri ageri dira, bularraldean denak. Hasiera batean albiste agentziek hildakoez zabaldutako adinen inguruan zehaztapenak egin dira: hildako emazteak 36 urte zituen, eta gizonak, berriz, 40 inguru. Emaztearen aitak eman zuen lehendabiziko abisua. Alabaren lankide zenbaitek ohartarazi zioten ez zela laneko hitzordu batera agertu, eta, harrituta, haren bila joatea erabaki zuen.

Santespiritu auzoko etxebizitza batean bizi zen Sophie Luoudette, Brigadier Muscar karrikan. Bereizita zegoen, eta bi umeren ama zen. Alabaren etxeko atea jo, eta erantzunik ez zuen jaso aitak. Atea barrutik giltzatuta zegoela ere ikusi zuen. Horregatik erabaki zuen Poliziari hots egitea; 15:00ak aldera izan zen. Etxebizitza barruan sartu eta hilotz aurkitu zituzten andrea eta haren bikotekidea. Labankaden aztarnak zituzten biek.

Ustez erasorako erabili zen arma hantxe bertan aurkitu zuten. Gertaera argitze aldera, hilotzak autopsia egitera eraman zituzten berehala. Poliziek, berriz, etxea eta inguruak miatu, eta ikerketa abiatu zuten aztarna gehiagoren bila. Lehen zantzuen arabera, gertaera ostiral goizean gertatu zen, baina ez dute oraindik hori baieztatu.

Polizia ikerketa

Ustez erasoa egin zuen gizonaren inguruko informazioa eskuratzeko ahaleginetan ere badabil Polizia. Lehendik bortxazko inolako portaerarik izan duen argitu nahi dute. Loudetteren etxe inguruko bizilagunek aditzera eman dutenez, inoiz ez zuten bikotearen elkarbizitzan deus arrarorik atzeman; kalapita eta antzekorik ez omen zuten inoiz aditu. Jakitera eman dutenez, informatikaren eremuan lan egiten zuen gizonak, Paris inguruan. Emaztearen familia, berriz, Miarritzen bizi da. Haren bi haurrak ostiralean senar ohiarekin zeudela jakinarazi dute. Ogibidez sendagilea, zaintza aringarrien arloan espezializatuta zegoen Loudette. Aski ezaguna zen Baionako osasun profesionalen artean.

Emakumeen Mundu Martxako ordezkariek, jazotakoaren jakitun, genero indarkeriaren hipotesia baieztatzen bada elkarretaratzeak egingo dituztela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.