Euri asko bota du bart Lapurdin eta Nafarroan, eta Baionan euriteen ondorioz hiru lagun hil dira: bikote bat eta haien sei urteko semea. Errobi ibaiko pasabidean izan da ezbeharra, goizeko zortziak aldera. Haien etxe ondoan lur-jausia izan da, honen ondorioz gas hodi bat mugitu egin da, gas isurketa eta eraikinean zuloa eragin ditu horrek, etxean zabaldu da gasa eta hiru lagunak hori arnastuta zendu dira. Bikotearen beste haur bat zauritu egin da -18 hilabetekoa-, eta Baionako ospitalera eraman dute. Etxeko goiko solairuan zegoen haurra. Gizonezkoa eta emakumezkoa, Baionako Herriko Etxeko langileak ziren.
Lapurdin Azkainen, Saran, Senperen, Kanbon... ere arazoak sortu dira, ibaiek gainezka egin dutela-eta. Senperen helikopteroak erabilita erreskatatu behar izan dituzte beren etxeetan harrapatuta zeuden hamasei lagun. Leku askotan metro bateko altuera hartu du urak.
Senperen bertan, Ainhoan, Azkainen, Donibane Lohizunen... ur edangarririk gabe daude.
Nafarroan lekurik kaltetuenak, Elizondo, Urdazubi, Zugarramurdi eta Etxalar izan dira, Nafarroako Gobernuaren arabera. Elizondon etxetik atera behar izan dituzte hainbat lagun, gas isurketaren arriskuagatik.
Nafarroan N-121-B errepidean arazoak daude, Iruñea-Frantzia errepidea 51. kilometroan moztuta dago (Dantxarinea parean), NA-4401 ere bai 2. eta 4. kilometroetan (Zugarramurdira sartzeko tokian), NA-170 ere bai (20 eta 23. kilometroetan), eta NA-4040 errepidean trafikoa desbideratzen ari dira (Doneztebe-Saldias parean).
Arratsalde partean Beran (Nafarroa), Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) Bidasoa ibaiak gainezka egin dezakeela ohartarazi dute, oso hazita baitator. Bizilagun guztiei uholdeen kontra ahalik eta neurri zorrotzenak hartzeko deia egin die Berako Udalak.
Uholdeak Lapurdin eta Nafarroan
Baionan hiru lagun hil dira, euriteek eragindako istripu baten ondorioz gasa arnastuta
Euriteen ondorioz haien etxe ondoan lur-jausia izan da, honek gas hodi bat mugitu du, eta gas isurketa izan da. Elizondon etxetik atera behar izan dituzte hainbat lagun, gas isurketaren arriskuagatik. Senperen bizilagun asko etxetik ateratzeko helikopteroak erabili dituzte. Arratsalde partean Beran, Irunen eta Hondarribian Bidasoa ibaiak gainezka egin dezakeela ohartarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu