Urtero bezala, Eguberriekin batera ailegatuko da Olentzero Euskal Herriko etxeetara. Lehenbiziko geltokia Baiona izan du, han gaur agertu baita. Mari Domingi ere harekin batera aterako da Euskal Herri osoan eginen diren kalejiretan. Baionako haurrak bisitatu ondoren, abenduaren 23an eta 24an agertuko dira Hegoaldeko hiriburuetan: Bilbon eta Iruñeko auzo batzuetan, asteartean; eta Donostian, Gasteizen eta Iruñeko zentroan, asteazkenean.
BAIONA
Aurten txaluparik ez
Gaur arratsaldean Baionan izan da Olentzero. 15:00etan ailegatu da, Mari Domingirekin batera, baina, aurten, ez da Errobi ibaitik behera heldu. Euria dela eta, txaluparik ez du hartuko Olentzerok. Beraz, harrera Xaho Pelletier bazterrean izan beharrean Lauga gelan egin diote. Kalejirarik ere ez da izan, eta Herriko Etxeko balkoian egin ohi duten agurra bertan behera geratu da.
Hala eta guztiz ere, Olentzero eta Mari Domingi Baionan izan dira gaur. Lauga gelan eskoletako haurrek kantuak eskaini dizkiete. Haiekin batera, Baionako bost abesbatza eta hiru musika talde aritu dira aretoan. Ondoren, haurrentzako jolasak prestatu dituzte, eta iluntzean, Haiz Egoa taldeak kontzertua eskainiko du Gurutze Sainduaren elizan.
IRUÑEA
Bi egunez kalejirak
Iruñean asteartean eta asteazkenean egonen da Olentzero, nahiz eta eskoletan atzo egin zuen agerraldia. Buztintxuri, Arrosadia, Azpilagaña, Etxabakoitz, Mendillorri eta Iturrama auzoetan egonen da 23an, eta Donibane, Sanduzelain, Txantrean, Arrotxapean eta Alde Zaharrean 24an. Hala ere, kalejira nagusia Arte eta Lanbide Eskolatik aterako da, asteazkenean. Olentzeroren lagunek urtero antolatzen duten besta da. 18:00etan hasiko da eta Zabalgunea eta Alde Zaharra zeharkatu ondoren, hasitako tokian bukatuko da.
Kalejiran gurdiak aterako dira —Mari Domingi haietako baten gainean joanen da— eta atzetik izanen dituzte musikariak, dantzariak, joaldunak, animaliak eta abar. Azkenengoa, Olentzeroren irudia. Hainbat lagunek sorbalda gainean eramanen dute. Ibilbide osoa egin ondoren Agur jaunak kantatuko diote, eta heldu den urtera arte gordeko dute.
BILBO
Pottoka lagun
Bi aukera izanen dute Bilboko haurrek Olentzero ikusteko. Lehenengoa abenduaren 23an Moyua plazatik aterako den kalejira ikusgarrian. Bigarrena, abenduaren 24an, goizez, 11:00etatik 14:00etara. Izan ere, egun horretan Arriaga antzokian egonen da haurren eskariak jasotzen. Bigarren horretarako 1.500 txartel banatuko dira 10:00etatik aurrera.
Kalejira nagusia, beraz, abenduaren 23an izanen da Bilbon. Aurten, gainera, aurreko urteetan baino luzeagoa izanen da ibilbidea. 18:30ean agertuko da Olentzero Moyua plazan egurrezko pottokaren gainean. Harekin batera izanen dira Mari Domingi eta Basajaun; antzara eta jostailuz betetako triziklo orgadunaren gainean ibiliko dira, hurrenez hurren.
Galtzagorriek kolorez beteko dute kalejira, eta haurren eskutitzak jasoko dituzte ibilbidean zehar. Gainera, joaldunak, erraldoiak eta musikariak ere izanen dira kalejiran. 19:15 inguruan ailegatuko da Olentzero Arriagara, eta han 30 minutuko ikuskizuna eskainiko dute. Ondoren, agurra eginen dute Olentzerok eta Mari Domingik, eta bukatzeko haurrek gabon kantak abestuko dituzte.
DONOSTIA
Kalejira jendetsua
Altzan eta Herrera-Larratxon ikusi dute Olentzero. Hain zuzen ere, atzo egon zen Donostiako bi auzo horietan. Gaur, Igeldon egonen da, eta hurrengo egunetan beste auzo batzuetan ibiliko da. Hala ere, Gipuzkoako hiriburuan egun handia asteazkenean izanen da. 15:20an Olentzero eta Mari Domingi Zuloaga plazara ailegatuko dira. Bertan ongietorria eginen diote, eta udaletxera joanen dira.
16:00etan, Olentzerok eta Mari Domingik egingo dute ongietorria: haurrei harrera eginen diete Udalbatzan. Kalejira nagusia bi ordu geroago abiatuko da, Bulebarretik. Ibilbidea Alderdi Ederren bukatuko da, udaletxearen aurrean, ordu baten buruan. Orduan, Olentzerok eta Mari Domingik agurra eginen dute.
Kalejiran 600 lagunek parte hartuko dute, eta aurten ere galtzagorriak eta artzainak ibilbidean egonen dira Olentzerori laguntzen. Ardiak, ahuntzak, idiak eta opariz betetako astoa ere kalejiran izanen dira, eta 100 kg ikatz eta 500 kg goxoki banatuko dituzte —zeliakoentzat egokiak—.
GASTEIZ
Eskutitzen bila
Dagoeneko eskutitzez beterik dago Olentzerok Gasteizen jarri duen postontzia. Abenduaren 15etik kartak Goiuri jauregira eramateko aukera dute haurrek. Abenduaren 23a izanen da postontzia zabalik egonen den azkenengo eguna. Izan ere, Olentzerok hurrengo egunean bisitatuko du Arabako hiriburua, eta, ordurako, eskutitz guziek prest egon beharko dute.
Asteazkenean, beraz, Gasteizko kaleetan ibiliko da Olentzero; baita Mari Domingi ere. Goizean, Olentzero haurrekin arituko da udaletxean, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, berriz, kalejira eginen du Iparralde gizarte etxetik abiatuta. Legutioko atea, Frantzia kalea, Bakearen kalea eta Olagibel kalea zeharkatu ondoren, Espainia plazan bukatuko da 19:00etan. Orduan, Olentzero udaletxeko balkoi nagusira igoko da, han bildutakoak agurtuko ditu, eta haren kanta abestuko dute.