Gaur Baionatik irten duen kargaontzi batek istripua izan du Pasaia eta Hondarribia (Gipuzkoa) artean, Jaizkibel mendiaren magalean, eta hantxe dago, geldirik. Atzo gaueko hamaikak aldera izan zuen ezbeharra, Turulla parean -Hondarribira egiten du-, han haitzak daudela-eta; itsasbehera zegoen orduan.
Dena dela, Ertzaintzak ohartarazi du ez dagoela ingurumen arriskurik. Izan ere, material aldetik hutsik zihoan itsasontzia, eta txatarra hartzekoa zen Pasaiako portuan. Gainera, ez du hausturarik edo pitzadurarik. Erregai isuri "txikia" izan duela dio Ertzaintzak.
Maro izena du ontziak -96 metro ditu luze- eta maiz joaten da Pasaiako portura. Ingurua ezagutzen du, beraz. Atzo Baionara heldu zen, fosfatoz beteta, eta orduan hustu zuen.
Zortzi marinel zihoazen gaur barruan -ukrainarrak denak-, eta Ertzaintza erreskate lanetan aritu azkeneko orduetan, helikopteroa erabilita. Eguerdirako atera dituzte haietatik sei, eta Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportura eraman dituzte. Kapitaina ontzian dago oraindik, Santanderko (Espainia) Itsas Salbamendu taldeko teknikari batekin. Itsasontzia nola mugitu aztertzen ari dira, ingurumen ezbeharrik gerta ez dadin; izan ere, 54 tona gasoleo eta 2,6 tona olio dauzka.
Ontzia ez dute mugituko itsasgora izan arte. 16:40an izango da gaur itsasgora. Gijonetik (Espainia) erremolkatzaile bat iristekoa da.
Ezbeharra
Baionatik Pasaiara zihoan kargaontzi batek istripua izan du Jaizkibelen gaur
Txatarra bila zihoan Pasaiako portura, atzo Baionan fosfatoa hustu ondotik. Ezbeharraren ondorioz ez du hausturarik edo pitzadurarik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu