BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak gaur jakinarazi du otsailaren 11n (larunbata) egingo duela bere azken manifestazioa, Bilbon. ETAk jarduera armatua utzi izanak "egoera berria" sortu duela deritzo eta, ondorioz, BAKen egitekoa bukatu dela. "Dagoeneko herritarren mobilizazioa ez da beharrezkoa" esan du Arantza Askasibar koordinakundeko kideak, prentsaurrekoan.
ETAren borroka armatuaren bukaera ospatuko du Bilboko martxan, eta "etorkizun aske, justu eta baketsua" aldarrikatuko du. Etorkizuna gure esku. Lortu egin dugu izango da leloa. "Etorkizunak indarkeriarik gabekoa izan behar duela berretsi nahi dugu".
Ezker abertzaleari "aniztasuna onartzeko pausoak" emateko galdegin dio BAKek. Euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko eskatu du berriz ere, eta gaixorik dauden presoak askatzeko eta "bergizarteratze indibidualak" emateko ere eskatu du.
Bakearen Aldeko Koordinakundea 1988an hasi zen urte hasierako manifestazioa antolatzen, eta urtero egin du.