«Nire semeak Errusiara doaz edo hemen geratuko dira!», esan zion Matias Belzak 1937ko otsailean Bilboko Udaleko funtzionarioari. Baina sei hilabeteko egonaldia izan behar zuena —Errepublikak altxamendua zapaldu arte— hogei urteko gurutze bidea bihurtu zen Angel semearentzat. Orain, bere bizipen guztiak bildu ditu Angel Belza. Memorias de un niño en Rusia 1937-1957 ( Angel Belza. Haur baten memoriak Errusian. 1937-1957) liburuan.
Habana ontzian bidali zintuzten 10 urterekin.
Luis anaiarekin eta beste 1.500 haurrekin batera joan nintzen. Batzuek ezagutzen genuen elkar. Gogoan dut Pako Larrañaga izeneko bat. Ama arrain saltzailea zuen, eta oso lagunak ginen. Bazen beste bat ere, Josetxu, hura ere Lasartekoa. Baina Frantziara iritsi eta kono bat eta ogi zuria eman zigutenean, han geratzea erabaki zuen. Guri ere eskaini ziguten han geratzea, baina aitaren hitza sakratua zen. Aitak Bilbon udaletxeko funtzionarioa konbentzitu behar izan zuen gu Errusiara joan gintezen.
Hark uste zuen Errusian hobeto egongo zinetela.
Bai, eta 67 urte geroago ez naiz damutzen gurasoek hara bidali izanaz, nahiz eta oso une gogorrak bizi behar izan.
Nolakoa izan zen bidaia?
Hasieran, uste genuen sei hilabeteko kontua izango zela eta Errepublikak gerra irabazten zuenean etxera itzuliko ginela. Baina galdu egin zuen. Apirilaren 1ean amaitu zen 39ko gerra hemen, eta irailean ankerrago bat hasi zen, mundu gerra. Guretzat gero eta zailagoa zen etxera itzultzea, baina bihotzean beti nuen amets hori.
Oso gogorra izan zen. Banuen anaia bat, Jose Manuel, Lasarten jaioa. Oso harreman estua genuen. Eta bidaian, haren hitzak nituen gogoan: "Angelito, ez zaitez joan. Geratu nirekin". Ezin genuen jakin elkar ikusiko genuen azken aldia izango zela. Lehentxoago gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut, ontzia porturatu zenean negarrez esnatu nintzela. Bizkarrean geunden, elkarren ondoan jarririk, etzanda, hotzak, eta nire guraso eta anaia txikiaren irudiarekin esnatu nintzen. Anaia zaharrak 17 urte zituen, eta Sondikan zegoen orduan, mobilizatuta, guardia egiten.
Aita falangista batek hil zuen 42ko otsailean; eta anaia, berriz, 4 urterekin hil zen Santanderrera bidean. Baina nik ez nuen hori jakin 1949ko martxoaren 12ra arte, Bilbotik atera eta hamabi urtera arte, alegia. Horren berri izan nuen amaren gutun baten bidez. Irunen bizi zen, eta egunero Hendaiara lanera joaten zen lehengusina batek ezkutuan pasa zuen gutuna mugaren beste aldera, bere bizia arriskuan jarriz, harekin aurkitzen bazuten atxilotu zezaketelako. Nire familiari buruzko lehen albisteak ziren.
Ordurako asko sufritua zinen.
II. Mundu Gerra bizitzea tokatu zitzaidan. Izugarria izan zen: gosea, miseria, hotza, gaixotasunak... Baina ez zen hor bukatu. Ez dakit Kristo berpiztu zen, baina ni 1952an berpiztu nintzen. [Barrez]
Gerra bukatu eta hurrengo sei urteetan milaka kilometro egin nituen, paperik, dirurik eta jatekorik gabe. Ahal nuen moduan irauten nuen, egun batean janez, eta hurrengo bietan gosez; bonbek suntsitutako eraikinen hondakinen artean lo eginez. Bizirik banago, zulo horretatik atera ninduen jende bihozberari esker nago.
Belaunaldi berriei argi utzi behar zaie gerra beldurgarria dela, baina baita haren ondorena ere. Adibidez, irailaren 30 batean etxe batean bizi ginen, gure beharrak asetzen zituzten irakasle eta hezitzaileekin; eta urriaren 1ean, 17 urte egin berriak genituela, bizitza zer zen ere jakin gabe, familiarik eta seniderik gabe, hegazkintza ingeniaritza ikastera joanak Baxkiriara. Liburuxka batzuk banatu zizkiguten, eta haiek hartuta ilaran jarrarazi gintuzten, lau gramo koipe soilik zituen zopa koilarakada bat jasotzeko. Beste ilara batean, artatxiki apur bat banatzen zuten hiru edo lau antxoarekin, eta ogi beltza. Hori eguerdian banatzen zuten, eta horrekin 24 orduz egon behar zenuen. Ufara joatea izan zen nire kabuz hartutako lehen erabakia, okerra inondik inora ere.
Ez zintuzten gerrara bidali?
Ez, ez nintzen inoiz frontean egon. Ufatik Moskura itzuli nintzen. 1944ko abenduaren 25ean izan zen hori; han tratu hobea jaso genuen. Baina Ufatik joandako 36 ikasleok malaria genuen. Ahul geunden oso; denbora askoan ez genuelako ez haragirik, ez esnerik eta ez elikatzen zuen ezer jan. Han hasi nintzen lanean, malariatik erabat osatu gabe. Eta han egin nuen nire bizitzako bigarren akats handia.
Zein akats?
Gerra garaian geunden, eta, atzerritarra nintzenez, derrigortuta nengoen erroldatutako tokian bizitzera. Fabrika militar batean lan egiten nuen, eta hezitzaile espainol bat genuen, zeinak jipoituz eta irainduz hezi nahi gintuen. Nik aurrez aurreko gogorra izan nuen harekin, eta fabrikatik joatea erabaki nuen. Orduan hasi zen tragedia. Milaka kilometro egin nituen, eta KGBren etxalde batean aritu nintzen lanean. Gulagean egon nintzen; han ere hilzorian egon, eta bi meategitan lan egin nuen. Meategiko arduradunek bertan geratzea nahi zuten, nik ere ondo irabazten nuen —garai hartan meatzariak langile klasearen aristokrazia ziren—, baina barnean neraman harrak ez zidan uzten leku berean denbora askoan geratzen. Handik alde egiteko baimena lortze aldera, Poliziara joan nintzen, eta eskatu nien erroldatik kentzeko; haiek, ordea, ezetz esan zidaten, ez zutela halakorik egingo. "Zure baimenarekin edo gabe, ni banoa", esan nion, eta hark esaldi bat esan zidan: "Damutuko zaizu". Ez dut esaldi hura berehalakoan ahaztuko.
Handik aurrera, hiri berri batera heltzen nintzen aldiro, Poliziak 24 orduko muga jartzen zidan alde egiteko, bestela atxilotu egingo nindutela ohartaraziz. Alde guztietan berdin. Ibilian, Azerbaijango hiriburutik Irango mugaraino heldu nintzen, eta muga trenean igarotzen saiatu nintzen, Polizia saihesteko. Esku hutsik nindoan, negua zen, eta izugarrizko hotza egiten zuen. Oso ahul nengoen, eta ia trenetik erori nintzen. Eskerrak mugako zaindari batek harrapatu eta trenera sartu ninduela, bestela bertan hilko nintzen. Azkenean, handik ere bidali egin ninduten.
Nola gainditzen da bakardadea?
Bakardadea da okerrena, familiarik eta etorkizun garbirik gabe bizitzea. Eskerrak urte haietan etxalde kolektiboetan denak egoera berean geunden.
Garai hartan aurrera egin behar nuela sentitzen nuen. Nire lagun guztiek gainditu zituzten gerrako gaitzak; ni, aldiz, nora ezean nenbilen, baina zurrunbiloan harrapatuta nengoen. Ikasi egin nahi nuen, aurrera egin, baina ez nintzen gai, ez nekien nola jarraitu. Azken bi urteak tren geltokietan lo egiten igaro nituen. Edozein tokitan hartzen nuen aterpe, norbaitek bidaltzen ninduen arte.
Zer gertatu zitzaion anaiari?
Luis Leningradora joan zen ikastera. Urte askoan ez genuen elkarren berri izan. Gerra garaian fabrika batera bidali zuten lanera, Uraletatik gertu; eta ni ingeniaritza eskolara joan nintzen ikastera. 1951n elkartu ginen berriz. Hark Gorkiko auto fabrika batean lan egiten zuen, eta ni Georgiatik hara joan nintzen.
Moskura iritsi eta trenetik jaitsitakoan —biletearekin joan nintzen aldi bakan horietako bat izan zen hura—, bi lagun gerturatu zitzaizkidan dokumentazio eske. Georgieraz idatzitako baimena erakutsi nien, eta esan erietxean emandako papera zela eta tuberkulosia nuela jartzen zuela —gezurra zen, noski—. Berehala hurrundu ziren [barrez]. Egoera horietan buruak azkar lan egiten du.
Ordurako bazenuten familiari gertatutakoaren berri.
Bai. Nik uste dut hori izan zela gaitza eragin zuena. Benetan kolpe gogorra izan zen jakitea aita eta anaia txikia hilak zirela eta anaia zaharrena desagertua zela.
Zuretzat gerra baino gogorragoa izan zen gerraostea.
Bai, baina hori gerran sufritutakoaren ondorio izan zen. Milioika umezurtz ginen gurpil zorotik nola irten ez genekienak. Espetxeak beteta zeuden, nahiz eta atxilotu gehienak miseriak eragindako delitugileak izan.
Hala ere, diozu ez zarela damutzen hara joan izanaz.
Ez, inoiz ere ez. Nik ez dut epaile izan nahi. Hura gerra izan zen, eta gerraostea. 27 milioi hildako izan ziren Errusian. Ehunka hiri ia erabat suntsituta geratu ziren. 46ko gosetea eta lehortea. Bestetik, Hiroshima eta Nagasakiko bonbek Gerra Hotzaren hasiera markatu zuten, sobietarrek munduaren jabe zirela erakutsi nahi zuten, eta horretarako beharrezkoa zen herriak bat egitea. Eta horren guztiaren ondorioak mekanismo handiaren torlojutxook sufritu behar izan genituen. 47ko ekainean lege bat atera zen zeinak bost eta 25 urte arteko zigorrak aurreikusten zituen estatuaren jabetzaren aurka egiteagatik, nekazariak atzean utzitako galburuak biltzeagatik. Herrialdeak errautsetatik atera behar zuen, eta, horretarako, beharrezkoa zen diziplina zorrotza. Gizarte arrakastatsu eta justua eraiki nahi zuten. Asmoa zintzoa zen, baina izua erabili zuten hura lortzeko.
Hogei urtera itzuli zinen.
Ordurako banituen emaztea eta bi seme-alaba. Errusiatik joan nintzenean, hala ere, esker onez sentitzen nintzen herrialde harekiko. Agian ez nuen gauza handirik lortu. Ez nintzen aberats. Baina ahalegin handia egin zuten gu etxean bezala senti gintezen.
Zer sentitu zenuen hona itzuli zinenean?
Bizitzan bitan sentitu izan dut halako zerbait. Lehena Balear uharteak ikusi nituenean, etxerako bidean, eta bigarrena 1975eko azaroaren 20an.
Madrilen bost urtez bizi ondoren, Suitzara joan zinen. Zergatik?
Zerbait gertatzen zen aldiro Polizia nire bila etortzen zen galdekatzeko. Ez nuen tratu txar fisikorik jaso. Psikologikoak bai. Eta lagun batek Suitzan langileak behar zituztela esan zidan. Espainian, berez, 24 orduan ematen zuten pasaportea. Baina ni Errusian bizitakoa nintzenez, ez ziren nitaz fidatzen, eta ez zidaten handik joaten utzi nahi. Azkenean,ordea, lortu nuen Frantziara joateko baimena, eta handik Suitzara joan nintzen.
Noiz itzuli zinen lehenengoz Lasartera?
Abendu hasiera zen. 1956an. Anaiak eta biok izugarrizko herrimina genuen. Gogoan dut Errusian ginen batean Michelingo gurpil bat ikusi nuela, eta, ondo begiratu, eta Lasarte irakurri nuen. Negarrez hasi nintzen. Nonbait irakurri dut haurtzaroko lehen urteetan bizi izandako tokia dela zure aberria, eta egia da.