Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamar herritarretik 1,5 bakar-bakarrik bizi da. Guztira 120.000 herritar inguru dira. Gainerakoen artean gehienak (%92) bikote-lagunarekin edo senitartekoekin bizi dira. Familiaburu gehienak gizonezkoak dira, baina bakarrik bizi direnen artean %70 emakumezkoak dira. Datuok Eusko Jaurlaritzak familiari buruz egin duen lehenengo ikerketa soziologikoan ageri dira.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak aginduta egin dute azterketa, egiten ari diren Familia eta Gizarteratze bigarren planari begira. Plana 2006ko lehen hiruhilekoa amaitu aurretik egina izango dute. Joseba Azkarraga sailburuak berak aurkeztu ditu azterketaren emaitzak eta horiek ikusita argi geratzen da gutxienak izanik ere, baliabide ekonomiko urriko familiak asko direla; familia eta lana bateragarri egiteko zailtasunak oraindik handiak direla; adineko, gaixo eta umeak zaintzeko arazoak bere horretan dirautela; eta gazteek oraindik zailtasunak dituztela gurasoen etxetik irteteko.Azterketa egiteko Jaurlaritzak hiru herrialdeetako 7.008 familien erantzunak erabili ditu. Familien ezaugarriez gainera, dituzten arazoak aztertu dituzte.
- Bilakaera:Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienak (%90) familian bizi dira, hau da, bikote edo gurasoen zein seme-alaben arteko harremanetan. 1996az geroztik nabarmen handitu da seme-alabak euren pentzutan dituzten familien kopurua, bai eta ezkon-harremana amaitu osteko familiak ere. Seme-alabak dituzten alargunak edo dibortziatutakoak %66,3 ziren 1996an, eta gaur egun berriz, %50,90 dira. Eredu gehienak, hirutik bat, euren pentzutan seme-alabak dituzten gurasobikoen familiak dira, eta horien kopurua %1,1 igo zen joan den urtean. Hazkunde hori jaiotza-handitzearekin lotu du sailburuak.Duela urte bete seme-alabarik ez zuten bikoteen %17,4k, bestalde, umea izan dute denbora horretan, guraso biko familiak bilakatuz. Gaur egungo familien artean, azkenik, %0,4 azken 12 hilabeteetan sortutakoak dira. Azkarragak argitu du familia berri horietatik %48,3 seme-alabarik ez duten bikote gazteak direla, eta horien laurdena bakarrik bizi dela.
- Emakumeak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxeetan emakumeak familiaburuen %21,8 baino ez diren arren, bakarrik bizi diren pertsonen artean %70,7 emakumezkoak dira, bai eta ezkon-harremana amaitu osteko (seme-alabak dituzten alargunak edo dibortziatutakoak) eta guraso bakarreko familien %80 baino gehiago ere.
-Zahartzea: Familia buruen batez besteko adina 56,9koa da, eta herritarrena, oro har, 43,3 urtekoa. Seme-alabak ez dituzten bikote gazteen etxeetan familia buruen adinaren batez bestekoa 34,7 urtekoa da. Azkarrabak nabarmendu du horrek argi uzten duela ugalketa atzeratzen ari dela, edo uko egiten zaiola.Seme-alabak euren pentzutan dituzten familia buruen batez besteko adina, berriz, 47 eta 54 urte bitartekoa da.
- EAE-tik at jaiotakoak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %19,8 gainerako euskal lurraldeetan edo atzerrian jaio da. Europako Batasunetik kanpo, %2,2. Etorkin horietatik gehienak gazte independenteen etxeetan edo familia edo familia-gune handietan bizi dira.
- Baliabideak: Baliabideen eskasiak familien proportzio handi batean eragiten ez badu ere, sailburuak nabarmendu du etxe askotan arazo garrantzitsua izaten jarraitzen duela. Izan ere, %0,23 dira batere baliabiderik ez dutela diotenak. Oinarrizko beharrak asetzeko arazoak dituztenak, bestalde, familien %1,8 dira, eta etxeko gastuei aurre egiteko baliabiderik ez dutenak, azkenik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familien %1,2.
- Familia eta lana: Inkestaren arabera, 5.000 guraso inguruk ez dute haurtzaindegian seme-alaba txikientzako lekurik aurkitzen. Horregatik hiru urtetik beherako seme-alabak dituzten familien laurdenak aitona-amonarengana jotzen dute egunero haurrak zain ditzaten, eta %12k hori egiteko norbait kontratatu dute. Familien %1,83k diotenez, nahi beste seme-alabarik ez dute horretarako dirurik ez daukatelako, eta %1,4k, berriz, lan-arrazoiengatik. Adineko gurasoak etxean zaintzerik ez izatea lan-arrazoiengatik arazotzat jotzen dute familien %2,41tan.
- Adinekoak: Adineko gurasoak zaintzea gainkarga handia da etxe askotan. Arazo ere bai, familien %6,11tan.Familien %2k diote leku faltarengatik ez dutela etxean zaintzerik eta beste horrenbestek ez du pertsona egokirik aurkitzen zaindari gisa kontratatzeko. 10.000 familia inguru dira azkenik, adinekoen egoitzetan etxekoentzako lekurik aurkitzen ez dutenak.
- Gazteak: Gazteek euren kontura, gurasoen etxetik kanpo bizitzeko zailtasun ugari dituzte. Arazo horrek familia askotan eragiten du eta etxekoek, gainera, aparteko larritasuneko kontutzat hartzen dute. Azkarragak berak Eusko Legiltzarrean familiari buruzko txostena aurkezterakoan azaldu zuen bezala, emantzipazio-prozesu horretako oinarrizko arazo biak gazteek lanpostuan duten ezegonkortasuna eta etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak dira.
- Ondorioak: Azkarragaren esanetan emaitza horietatik ondorioztatzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiakegoera onean egon arren, arazoak badirela. «Txostenak, era berean, gauza asko hobetzeko ditugula erakusten digu eta, horretarako, ahalegintzen jarraitu behar dugu; gizarte-politiketan eta familian gehiago inbertitzen, horrela eginez gero etorkizunean gure seme-alaben etorkizunean inbertitzen dugulako».
FAMILIEN AZTERKETA
Bakarrik bizi dira 120.000 herritar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Jaurlaritzak familiari buruzko lehenengo ikerketa soziologikoaren emaitzak ezagutarazi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu