Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado euskal presoak Granadako Albolote espetxeko modulora eraman dituzte gaur, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Mujikak eta Delgadok bederatzi hilabete eman dituzte bakartuta.
Komunak garbitzearen lan behartuari uko egiteagatik zigortu zituen espetxeko zuzendaritzak. Gizonezko presoek lan bera egiteko beharrik ez zutela salatu zuten, eta emakumeen kontrako diskriminazioa zela nabarmendu.
Joan den astean, bi euskal presoen egoera aztertuko zuela iragarri zuen giza eskubideen alorrean lan egiten duen Granadako elkarte batek. Andaluziako Arartekoa ere harremanetan jarria zen presoekin.
Azken hilabeteetan, Mujikaren eta Delgadoren egoera salatu izan dute kartzela berean dauden euskal presoek, eta martxoaren 3rako martxa bat deitua zegoen espetxera, presoei elkartasuna adierazteko. Mugimendu feministak sinadura bilketa abiatu zuen iazko azaroan.