eta-ren kontrako polizia operazioa

Bake Bidea: "Bakearen alde gehitu diren iniziatibekiko laido bat gehiago da"

Lau atxilotuak Baionako polizia etxean daude. Bake prozesuaren aldeko mugimendu zibilak nabarmendu du Parisen eginiko konferentzia humanitarioan eginiko engaiamenduak indarrean direla. Eusko Jaurlaritzak adierazi du bide polizial "hutsetik" ezin dela bermatu ETAren amaiera. EH Bilduk eta EH Baik manifestazioa deitu dute urriaren 3rako Donostian, 'Bakea, erabakia' lelopean.

Ainhoa Oiartzabal-Enekoitz Telleria
2015eko irailaren 23a
07:28
Entzun

Bake Bidea bake prozesuaren aldeko Ipar Euskal Herriko mugimendu zibilak prentsa ohar baten bidez adierazi du bake prozesu guztiek eskatzen dutela eztabaidarako prest den erakunde armatu bateko kideak "eztabaidarako baldintzetan egotea". Horrenbestez, Bake Bidearentzat  "zentzugabekeria" eta bake prozesuarekiko  "laido bat gehiago" dira atzoko atxiloketak.

Azken lau urteotan ETAk bere engaiamenduak errespetatzen dituela "eta frantses gobernua eta espainiar gobernuarekin eztabaidarako prestutasuna" erakutsi duela oroitarazi dute. Ekaineko Parisko konferentzia humanitarioa gogoan, nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko alderdi guztietako ordezkari politikoek, Ipar Euskal Herriko eta frantses estatuko aktore politiko, sindikal eta sozialekin batera "denek aho batez" eskatu diotela Frantziako Gobernuari ETArekin hitz egin "eta berekin desarmatze protokolo zorrotz bat adostea".

Bide polizial "hutsetik", ez

Eusko Jaurlaritzaren ustez, ETA pozialki "soilik" desegiteak ez du bermatzen erakunde armatuaren heriotza agiria. Jaurlaritzaren eledun Josu Erkorekaren esanetan, bide horretatik bakarrik ezin da ziurtatu erakunde armatuak "argi eta garbi" utzi dituenik armak. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok. 

Horiek horrela, atzo Espainiako Gobernuak iragarri zuen "ETAren kontrako kolpe hilkorra", ezbaian jarri du Jaurlaritzaren eledunak. Beste behin ere ETAren amaiera "ordenatu" baten alde egin du Jaurlaritzak. Horrek, armak baldintzaperik gabe "betiko" uztea eta egindako mina aitortzea ekarriko lukeela zehaztu du.

Bestetik, Sorturi erantzun dio ez diezaiela besteei leporatu "bere akats estrategikoen ondorioak". Erkoreraren arabera, hainbat erabaki estrategiko atzeratu egin dituzte, ustez erakunde publikoek esku hartuko ez zutelakoan.

Nafarroako Gobernuak ere hizpide izan ditu atzoko atxiloketak. Ana Ollo eledunak adierazi du "bi aldeei" egiten dietela dei; ETAri, armagatzeko eskatu dio; Espaniako Gobernuari, berriz, salbuespenezko espetxe politika bukatzeko prozesuari bide eman diezaiola. 

Manifestazioa urriaren 3an

Atzoko atxiloketen ondotik, eta Bakea, erabakia lelopean, EH Bilduk eta EH Baik manifestazioa deitu dute urriaren 3rako Donostian. Bi koalizio horietako kideek Donostian egindako agerraldian, bi deialdi egin dizkiote euskal jendarteari. "Lehena: jarrai dezagula bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten. Ez diezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Bigarrena: urriaren 3an Donostiako kaleetan 17:00etatik aurrera Bakea, erabakia lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzea".

Baigorriko polizia operazioari buruz egindako balorazioan, Espainiako eta Frantziako Estatuek jarritako "traba eta oztopoak" nabarmendu dituzte EH Baiko eta EH Bilduko kideek. "Gure bidea zapuztea erabaki dute. Ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako". EH Baitik Anita Lopepe, Menane Oxandabaratz, Rafa Valdibieso eta Iker Elizalde izan dira agerraldian. EH Bildutik Hasier Arraiz, Pello Urizar, Oscar Matute eta Asun Fernandez de Garaialde.

Baionako komisaldegian dauzkate atzo Baigorrin atxilotu zituzten lauak: Iratxe Sorzabal, David Pla, Pantxoa Flores eta Ramon Sagarzazu. Azken honen Oiartzungo etxebizitzan ia lau orduz aritu ziren guardia zibilak miaketa lanetan; goizaldeko ordubatak aldera kendu zuten kordoi poliziala. 

Baigorrin, berriz, Polizia operazioak irekita segitzen zuela ikusita, hasieran plazan egitea pentsatu zuten elkarretaratzea lekuz aldatu eta dozenaka lagun hurbildu ziren aterpetxe ondora Atxilotuak askatu, aski da! lelopean egindako kontzentraziora. Poliziak 22:00 aldera joan ziren Baigorriko aterpetxetik, bertan ziren herritarrei negar gasa bota ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.