Hainbat gai landu dituzte gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, legealdi berrian eginiko aurreneko osoko bilkuran. Besteak beste, PSE-EEk atzeratu egin du bake eta adiskidetzarako ponentzia baten sorrera, PPk ere testuarekin bat egin dezan. Talde guztien babesa jasotzeko moduko proposamen bat egiten ahalegindu dira, baina PPk ez du bat egin ekimenarekin, eta urtarrilaren 31ra atzeratu dute eztabaida.
PPk azaldu duenez, ez du ponentziaren sorrera babestuko EH Bilduk ETAren "terrorismoa" gaitzesten ez duen arte. PPko legebiltzarkide Carmelo Barrioren ustez, "bateraezina" da koalizioak baketzeari buruzko foro batean parte hartzea, lehenago ETAren indarkeria ez badu gaitzetsi.
Horren harira, ETA gaitzesteko proposamen bat aurkeztu du PPk. Ganberak ez du onartu, EAJk eta EH Bilduk aurka bozkatuta. Gaiari buruzko testuak aurkeztu dituzte gainontzeko alderdiek; UPD eta EAJrenak ez dituzte onartu, EH Bildurenaren eztabaida atzeratu egin dute, eta PSE-EEk berea erretiratu du.
Bildarratz, Goioaga eta Rodriguez, senatari
Jokin Bildarratz, Iñaki Goioaga eta Tontxu Rodriguez hautatu ditu Eusko Legebiltzarrak Espainiako senatari izateko. Gaur goizean egin dute bozketa, legealdian ganberan egin duten aurreneko osoko bilkuran. EAJren babesa jaso du Bildarratzek; EH Bildurena Goioagak; eta PSE-EErena eta EAJko hiru legebiltzarkiderena Rodriguezek.
Goioagaren izendapena "iraina" dela adierazi dute UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok eta PPko ordezkari Borja Semperrek, eta esan dute Goioaga "ustezko ETAkidea" dela. Protesta egiteko, PPko hamar legebiltzarkideek eta Maneirok ganberatik alde egin dute bozketaren unean.
Etxe kaleratzeak
Bestalde, EH Bilduk etxe kaleratzeen inguruan aurkeztutako proposamen bat ez da aurrera atera, EAJk, PPk eta UPDk bat eginda. Koalizioak galdegin du laguntza publikoak jaso dituzten finantza entitateek derrigorrez onartu behar izatea etxea hipotekaren ordainetan ematea. PSE-EEk babestu du proposamena.