POLITIKA

Bake eta bizikidetzan ardura "guztiena" dela nabarmendu du Alvaro Baraibarrek

Bakearen, elkarbitzaren eta giza eskubideen defentsaren aldeko lanean eragile guztiek inplikatu eta konpromisoa hartu behar dutela azpimarratu du Nafarroako Bake eta Bizikidetza idazkariak.

Baraibar, gaur goizean, Nafarroako Legebiltzarrean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Maialen Unanue
2016ko martxoaren 11
16:15
Entzun

Gobernua, parlamentua, talde sozialak, gizartea eta hiritarrak: guztien ardura da bake eta elkarbizitzara bidean giza eskubideen defentsa egitea. Hala defendatu du gaur Baraibarrek Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduk egindako eskaera baten harira egindako agerraldian. Baraibarrek adierazi duenez, guztiak "akordio etiko batera" iristea da bere desioa, eta horrekin batera, guztiek "bortxaren gaitzespena egitea, biktimei elkartasuna agertzea, eragindako mina erreparatzea eta elkarbizitzaren norabidean aurrera egitea".

Ezberdinen arteko elkarguneak bilatuko dituztela adierazi du Baraibarrek, begirada frankismoaren biktimengan, ETAren biktimengan eta motibazio politikoen ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimengan jarrita. Bake eta Bizikidetzaren lanak "hain beharrezkoa den bakerantz" gerturatzea espero duela adierazi du: "Gobernuak biktima guztien duintasuna aldarrikatuko du, salbuespenik gabe".

"Giza eskubideen urraketen iraganari begirada kritikoz begiratu nahi diogu; egungo errealitateari, biktima guztiei erreparazioa emateko intentzioarekin begiratuko diogu, eta, etorkizunari, urraketa horiek ez errepikatzeko neurriak hartuz". Baraibarrek defendatu duenez, biktima guztiek dute salbuespenik gabeko egiaren eskubidea, "bortxa batzuk besteekin konpentsatzea bilatuko ez duena".

Izan ere, Baraibarrek defendatu duenez, "ezinbestekoa" da jasandako urraketa bakoitza dagokion testuinguruan aitortzea, zeinu desberdineko urraketak "nahastu eta disolbatu gabe, horiek guztiak ikusgarri eginez errelato egiati, bidezko eta barne hartzaile batean, biktima guztiei erantzunak emateko balioko duena". Hain justu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen indarkeriak eragindako motibazio politikoko biktimen Nafarroako legearen aurkako helegitea onartua du.

Kontaktu zuzena

Baraibarren azalpenak parlamentuko beste areto batetik jarraitu dituzte estatuaren zenbait biktimak. Agerraldiaren amaieran, Baraibarrengana joan eta euren kontaktuak pasa dizkiote, haiekin harremanetan jar dadin. Asteazkenean, agerraldia egin zuten biktimek, Nafarroako Gobernuari biktima guztien aitortza eskatzeko, bazterketarik egin gabe.

Baraibarrek, bere aldetik, jakinarazi du hiru espetxetara gutun bana bidali dutela, larriki gaixo diren presoen osasunaz kezkatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.