Bigarren bilera izan dute Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeko ordezkariek, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko kideek. Lehenengo bilerak batak besteari proposamenak emateko eta agenda ezartzeko balio izan zuen. EH BIlduk berea aurkeztu zuen, eta beste biek aurreko legegintzaldian onartutakoa —EH Bilduk ez zuen legebiltzarrean ordezkaritzarik—. Bigarren bileran sartu dira edukietan. Hasieratik, baina, arazoak daude abiapuntuan. PSE-EEk eta EAJk bat egin dute "zoru etikoa osatzen duten printzipio eta konpromisoetan oinarritutakotik" abiatzea erabakitzerakoan; ez ordea, EH Bilduk. Hainbat gaitan bat etorri dira alderdiak, eta beste batzutan ez dira ados jarri, bidali duten oharrean esan dutenez, baina EH Bilduren izenean Laura Mintegik azaldu duenez, ez dute "hitz bat ere" aldatu. "Hori izan da desadostasunik handiena".
Dena den, batzordean lanean jarraituko du koalizioak "akordio sendoak" lortze aldera, hitzarmenetarako "puntu nahikoak" daudelako lantaldea kontsentsuetara heltzeko, eta argi utzi du bere taldeak "erabateko borondatea" daukala aurrera jarraitzeko eta elkarbizitzarako oinarriak jartzeko.
Testuaren bi parraforen idazketa aldatu nahi zuen EH BIlduk, "gatazka politikoari buruzko irakurketa ez izateko partziala, zabalagoa baizik", baina beste alderdiek ez dute atzera egin nahi izan, Mintegiren arabera. ETA behin betiko desagertzea da testuak jartzen duen gutxieneko bat, eta beste batzuk, biktimen duintasuna, egindako mina eta indarkeriaren injustizia onartzea dira. EH Bilduk espetxe politikan aldaketak eskatzen dituen testua aurkeztu zuen aurreko bileran, eta eskatu zuen memoriak osoa izan behar zuela.
Datorren bilera maiatzaren 28an egingo dute, eta Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandez bileran izatea erabaki dute.
PP eta UPD kanpoan
Gainerako alderdiak, PP eta UPD ez daude lantaldean ordezkaturik. PPk uste du EH Bildurekiko «exijentzia» handitu egin behar dela. UPDk, berriz, baztertu egin du inoiz bertan parte hartzea. Espetxe politikaren gaia Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitza Lantaldetik kanpo uzteko eskatu zien PPk EAJri eta PSE-EEri bileran parte hartzeko baldintza gisa, Eusko Legebiltzarrak gai horretan eskumenik ez duela argudiatuta. Aurreko legegintzaldian onartutako lantaldean, EAJk eta PSE-EEk bat egin zuten horrekin.