Gaixorik eta Grande Marlaska epailearena aginduz Ertzaintzaren zaintzapean dagoen Arnaldo Otegiren hutsunea nabarmena izan da Batasuneko Mahai Nazionalak Iruñean egin duen agerraldian. ETAren su-eten iraunkorrari buruzko iritzia ematea zen ekitaldiaren asmoa, eta horretarako, agiri bat irakurri dute: Ainara Armendarizek euskaraz, Aurore Martinek frantsesez eta Joseba Permachek gazteleraz.
Finean, su-eten iraunkorra ekarpen egokitzat dauka Batasuneko Mahai Nazionalak, besteak beste, "bake justu, egonkorra eta iraunkorra lortzeko prozesuaren itxaropena indartzen" duela uste baitu. Gainera, ekarpen hori Euskal Herriaren zatiketa admnistratiboan oinarritzen den "marko politikoaren krisian" kokatu du Batasunak; hau da, krisi horrek erraztu duela uste du.
Ildo horretatik, Frantziako eta Espainiako estatuei Euskal Herriko gatazkan "erantzunkizun propioa" dutela oroitarazi die, eta ardura hori beren gain hartu behar dutela. Iraganeko estrategiak, berriz, gatazkal elikatzen dutela ohartarazi die.
Beste zenbait eragilek bezala, su-etenak sortutako egoera berrian Batasuneko Mahai Nazionalak dei berezia egin nahi izan die herritarrei: izan ere, prozesua arrakastatsua izan dadin herri mobilizazioa dela bermerik onena iritzi dio. Hala, hainbat eragile politiko eta sindikalek deituta apirilaren 1ean Bilbon konponbidearen alde egingo den manifestazioa prozesuaren bultzagarri izango dela nabarmendu dute.
Su-etena
Bake justua lortzeko prozesuaren itxaropena indartu du su-etenak Batasuneko Mahai Nazionalaren iduriko
ETAk hartu duen erabakiaren inguruko iritzia eman du Batasuneko Mahai Nazional berriak. Hala, "ekarpen" gisa hartu dute su-etena, eta Euskal Herriaren egungo marko politikoaren "krisian" kokatu dute. Espainiako eta Frantziako estatuei ohartarazi diete "erantzunkizun propioa" dutela Euskal Herriko gatazkan, eta "iraganeko estrategiek" gatazka elikatu baino ez dutela egiten. Ildo horretatik, su-etenak bake justu bat lortzeko prozesuaren itxaropena indartzen duela iritzi diote, eta herritarrei prozesu horren arrakastaren berme sendoena direla esan diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu