Bake Konferentzia udalbatzan landu ez izana salatu dute Donostiako oposizioko alderdiek

2013ko abuztuaren 5a
15:53
Entzun

Donostiako PSEk, EAJk eta PPk adierazpenak egin dituzte Bake Konferentziaren inguruan. Datorren ostiralean Giza Eskubideen udaleko komisioa bilduko da, eta bertan konferentziaren inguruan hitz egingo du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea.

Ernesto Gasco PSEko ordezkariak hala adierazi du: “Gisa horretako konferentzia bat ospatu nahi izanez gero, egin beharreko lehenengo gauza etxekoekin batzartu, eta modu bateratuan horrekiko batasun jarrera bat aurkeztea da”.

Izagirrek “aldebakartasunez” jardun duela salatu du Gascok, eta haren aburuz, horrek bi gauza adierazi ditzake: “Gauzak ez dira ondo egiten, edo manipulatzeko nahia dagoela susma daiteke”. Horren harira, “ETAren terrorismoaren biktimen aitortza” nabarmendu behar dela gaineratu du.

PPko zinegotzi Maria Jose Usandizagak ere, ETAren biktimak aipatu ditu, eta Izagirrek Bake Konferentzia antolatu izana gaitzetsi du. Haren iritziz, Izagirrek “gauza asko dauzka egiteke” konferentzia hori egin aurretik: “ETA kondenatu eta egin duen mina aitortzea”.

Eneko Goia EAJko ordezkariaren arabera, ekimen hori “positiboa izan daiteke”, baina, soilik “irudi kontuetatik harago baldin badoa”. EH Bildu “promozio eta publizitatean espezialista” dela uste du Goiak. Jakinarazi duenez, Izagirrek ez du konferentziaren inguruko “zehaztasun handirik” eman, eta  zein “ikuspuntu” duen aztertu behar dute. Dena den, “aurrera egiteko balio badu” EAJk babestu egingo duela esan du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.