Eusko Legebiltzarra

Bake lantaldearen balioa berretsi dute EAJk eta EH Bilduk

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du ETAren aurka PPk, PSE-EEk eta UPDk adostutako proposamena.

Arantza Quiroga, Urkulluren aurrean, gaur. RAUL BOGAJO, ARP
edurne begiristain
2013ko abenduaren 5a
18:08
Entzun

Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean hasi den osoko bilkuran eztabaidagai izan dute ETAren aurkako mozioa. PPk, PSE-EEk eta UPDk erdibideko proposamena adostu dute, zeinaren bitartez "demokrazia" babestea eta ETAren "ibilbidea eta existentzia" justifikatzen dutenen jarrerak deslegitimatzea eskatu duten. Ordea, proposamen horren aurka bozkatu dute EAJk eta EH Bilduk. Horren ordez, jeltzaleek bake lantaldearen alde aurkeztutako zuzenketak egin du aurrera, EH Bilduren babesarekin. Bi talde horien botoekin onartu den proposamenak dio bakean eta elkarbizitzan eragina duten gaiak horretarako sortu den bake lantaldean landuko direla, "ardura eta eraginkortasun politikoagatik".

Goizeko eztabaidan, PPk Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eskatu dio ETAren existentziaren aurkako "lidergoa" hartzeko. Arantza Quiroga legebiltzarkideak gogor kritikatu du jeltzaleek ETAren aurkako mozioa babestu ez izana: "Terrorismoaren aurkako bidea egin nahi duen gizarte demokratikoak aurrera egitea oztopatzen ari zarete". Bake lantaldearen aurka agertu da PPkoa, "desadostasunaren" gunea delako, haren iritziz. Rodolfo Ares sozialista ere bide beretik mintzatu da: "Ez dago baldintzarik lantaldea eraginkorra izateko".

Bestalde, Joseba Egibar jeltzaleak azpimarratu du baketzeari buruzko gaien eztabaidagunea ponentzia bera dela. Egibarren ustez, halako gaiak osoko bilkuran eramanda PPk "zarata mediatikoa" baino ez du bilatzen. EH Bilduko Hasier Arraizek jakinarazi du bere taldeak bake lantaldean jardungo duela, lan egiteko "tresna" delako. Bertan onartutako "zoru etikoarekin" erabat ados egon ez arren, "eztabaida eta elkarrizketa politikoaren aldeko" apustua egiten jarraituko dutela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.