ETAren amaiera "ordenatua" lortzeko Eusko Jaurlaritzak ezker abertzaleari igorritako proposamenaz mintzatu da gaur goizean Jose Antonio Pastor PSE-EEko eleduna. Adierazi duenez, sozialistei ez zaie gustatu Jaurlaritzak modu horretan jokatu izana, eta espero dute sortutako polemikaren inguruko "akatsa berehala" konpontzea.
Gertatutakoak Jaurlarizarekiko konfiantza hautsi ote duen galdetu diote Pastorri, eta hark erantzun du konfiantza ez dela hautsi, baina "zalantzak" eragin dizkiela sozialistei. PSE-EEk proposamen hori ez duela jaso argitu du Pastorrek, eta, horregatik, Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio Patxi Lopezekin harremanetan jar dadila dokumentuari buruzko xehetasunak emateko.
Horrez gain, hasi berri den ekinaldi politikoan PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean jorratuko dituen lan ildoen berri eman du Pastorrek. Besteak beste, autogobernua eguneratzeko EAJk martxan jarriko duen lantaldeaz esan du PSE-EE prest dagoela bertan lan egiteko, baina edozein eguneraketa estatutuaren oinarrien gainean egin beharko dela. Etxebizitza eta Udal Legeak garatzeko borondatea ere agertu du Pastorrek.
Udal Legeari dagokionez, hura "atzeratzea" leporatu dio Jaurlaritzari. Bestetik, datorren astean jarriko da martxan legebiltzarrean Etxebizitza Legea lantzeko lantaldea, eta, Pastorrek azaldu duenez, PSE-EErentzat ezinbestekoa izango da lege horren "izaera soziala" bultzatzea.