Politika

Bake prozesua abiatzeko oinarririk ba ote dagoen aztertzen ari da Batasuna

Bake prozesua abiatzeko mahaia osatzeko "bermeak" eta "aurre akordioak" lortu behar direla azaldu du Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik. "Bermeak" eta "akordioak" finkatuta "kanpo ingerentziak" egotea "ulertzeko zaila" dela azaldu du, ingerentzia horiek "ETAren aldetik etorri edo Estatuaren aldetik etorri". Hasteko, mahaia non eta zertarako osatu behar den jakin behar dela uste du, eta bere iritzian Euskal Herrian osatu behar da, lurraldetasunaz eta autodeterminazioaz akordioak lortzeko.

2005eko abuztuaren 31
16:04
Entzun
Mahaia Euskal Herrian osatu behar dela azaldu du Otegik, "gatazka hemen dagoelako kokatuta", eta "lurralde guztietako biztanleei" eragiten dielako. Han, lurraldetasunaz eta autodeterminazioaz akordioak lortzea "ezinbestekoa" dela ere gaineratu du.

Eragileak mahaian bildu aurretik, ordea, berme batzuk beharko direla azaldu du, eta aurre akordio batzuk lortu beharko direla. Prentsaurrekoan esan duenez, behin mahaia osatuta, "ingerentziak" ez direla ulergarriak gaineratu du, ez ETAren aldetik eta ezta Espainiako eta Frantziako Gobernuen aldetik ere.

Berme horiek atzeraezinak behar dute izan Otegiren iritzian, eta "elkarrizketa serioa" egin behar da, espekulaziorik gabe "sekretismorik gabe, baina diskrezioz".

"Sasirik gabeko bide garbia"

Zenbait eragileri mahai hori osatzeko bidean "sasiak jartzea" leporatu dio Otegik, eta beraiek "bide garbia" nahi dutela azpimarratu du. Gaineratu duenez, "estatutuen erreformez, burujabetza konpartituen eta mahaia osatzeko baldintzez" hitz egiten ari direnak "eztabaida antzuak" burutzen ari dira. Gatazkaren konponbide prozesua diskurtsoek ere "elikatzen" dutela dio, eta azpimarratu du ondo aztertu behar dela "zer, non eta nola esaten den".

Eragileei galdetu die ea prest dauden "fede onez"prozesu bat abiatzeko oinarri "sendodun akordioak" lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.