Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak atzo eman zuen horren berri, Bilbon egindako agerraldian. Bertan, herritarren sareak egin duen argitalpena aurkeztu zuen: Iraganetik ikasten, etorkizunera begira. Atzeraezinezko bake prozesurako baldintzak.
Lokarriren iritziz, 2006ko prozesuan hiru huts nagusi egin ziren. Alde batetik, ETAk elkarrizketa politikoa «zuzendu» nahi izan zuen, eta horrek bake prozesuaren garapena «zaildu» zuen, «indarkeriara itzultzeko aukerak sortutako tentsioagatik». Bestetik, alderdi guztiek ez zuten «aukera berdintasunean» parte hartzerik izan, eta, Batasuna legez kanpo zegoenez, elkarrizketak sekretupean egin ziren. Azken horregatik, Lokarrik uste du bake prozesuaren aurkako sektoreen «gogortasuna areagotu» zela, «negozia ezinezko gaiei buruz» elkarrizketan ari zirela «susmatu» zutelako.
Bitartekaritzaren alde
Lokarrik proposatutako hiru baldintzak bete arren, arazoa ez dela bukatuko uste du Riosek. «Identitateari, harreman politikoen etorkizunari eta memoriari dagozkien arazo asko ditugu oraindik». Horiek konpontzeko elkarrizketa «beharrezkoa» dela aldarrikatu du Riosek. Horren harira, nazioarteko bitartekaritza «positiboa» dela adierazi du, baina zehaztu du «azken hitza» alderdi politikoei eta herritarrei dagokiela. Brian Currinek herenegun aurkeztu zuen Nazioarteko Harremanetarako Taldeari sostengua adierazi dio Lokarriko koordinatzaileak.
Baldintzak
Bake prozesuak atzera bueltarik izan ez dezan, hiru baldintza bete behar direla dio Lokarrik:ETAren indarkeriaren amaiera. Giza eskubideen errespetuagatik, eta bake prozesuan guztiek inolako mehatxurik gabe parte hartzeko aukera izan dezaten.
Ezker abertzaleak legezkoa izan behar du. Bake prozesuan eta bizi politikoan parte hartzeko eskubidea duelako, besteen baldintza berdinetan. Egoera horrek prozesua ofiziala izatea ahalbidetuko luke.
Herritarrek protagonista izan behar dute. Beraiek direlako bake prozesuaren hartzaileak. Gardena eta irekia izan behar du prozesuak. Emaitza herri borondateari atxiki behar zaio.